Euskal presoak

Urtarrilaren 11ko mobilizazioan parte hartzera deitu du Etxerat-ek

Luis Goñi presoari bere amonaren hiletan izatea debekatu diote.

Berria.info
2013ko abenduaren 20a
16:08
Entzun

Urtarrilaren 11rako Tantaz Tanta mugimenduak deitu duen mobilizazioari atxikimendu “osoa” adierazi diote Etxerat elkarteko kideek. Preso dauden senide eta lagunen eskubideen alde egingo den mobilizazioan izango direla jakinarazi dute, eta, beraz, asteburu horretarako aurreikusiak zituzten bisitak ez dituztela burutuko. Donostian eginiko agerraldi jendetsu batean eman dute erabakiaren berri.

Azpimarratu dute Bilbon egingo den mobilizazioa “eskubideen errespetuarekin zita garrantzitsu bat” dela, eta herritarriei dei egin diete bertan parte hartzeko. Presoen senide eta lagunen elkarteko kideek uste dute haiek bezala “euskal gizarte osoak ere” bat egingo duela mobilizazaioaren aldarrikapenekin eta “tantaz tanta filosofiarekin”. “Guk argi dugu gure olatuarekin soilik ez dugula helburua lortuko; baina, euskal gizarte osoaren laguntzaz, tantaz tanta itsaso zabala osatzekoa lortuko dugu”, adierazi dute.

Debekua

Bestalde, prentsa ohar baten bidez Etxerat-ek jakinarazi du Luis Goñi presoari amonaren hiletara joateko baimena ukatu diotela. Iruñeako espetxean dago Goñi eta asteartean zendu zen haren amona. Hura hil aurretik eta ondoren eginiko eskaeretan ere hainbat traba jarri dizkiotela salatu du Etxerat-ek, baimena ukatzeko arrazoi juridikorik eman gabe. Etxerat-en arabera, auzitegiaren agirian aipatzen da Goñiren atxiloketak izan zuen  “oihartzun mediatikoa” —urriaren 14an atxilotu zuten, Iruñean eginiko “herri harresian”—. Gisa horretako gertakariak saihesteko debekatu omen diote baimena. “Beste behin, zoritxarrez, gure senide eta lagunek pairatzen dituzten eskubide urraketen adibide baten aurrean gaude”, salatu du Etxerat-ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.