Herrira mugimenduak ezinbestekotzat jo du urtarrilaren 12an Bilbon egin zuten euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan sortutako "elkartasun eta konpromiso olatua" herri eta hiri guztietara zabaltzea. Bilboko udaletxearen aurrean agerraldi bat egin dute eguerdian, eta bertan mugimenduak adierazi du protesta hark izandako arrakasta "milaka lagunen konpromisoaren" ondorio dela.
Herrira-ren iritziz, urtarrilaren 12ko argazkia "ez da urteko ekitaldi batena", "eztabaida, adostasun berriak eta mugimendu politiko eta instituzionalak eragin dituen inflexio une batena baizik". Hala, hileroko azken ostiralean egin ohi bezala, mobilizazioak antolatu ditu gaur iluntzerako hainbat herri eta hiritan.
"Olatua herrietatik eta hirietatik dator, eta, Autonomia kalean barna ibili ondoren, abiapuntura itzuli da, indartsuago eta biziago", azaldu du mugimenduak: "Hemendik aurrera, olatua bideratzea izanen da gure eginkizuna, oinarritik antolatzea, ekarpen berriak jasotzeko eremuak ireki, indarrak bildu eta planteatu ditugun helburuekin bat datorren gehiengo soziala aktibatzea".
Horrez gain, bihar egingo du Herrira-k aurreneko Nazio Bilgunea. Irunen egingo dute, Ficoban. Iazko urtearen balorazioa egin, eta 2013rako helburuak eta inflexio uneak zehaztuko dituzte.