"Espetxe politika definitzen duten estatuengan eragitea dagokigu, aurrera urratsak ematea guztion ardura baita", esan dute Tolosan (Gipuzkoa) Orain Presoak dinamikako kideek: "Giltza, beraz, gizarte zibilaren aktibazioan dago, modu zabalenean ulertuta; hau da, eragile, politikari, alderdi, ordezkari, sindikatu, instituzio eta norbanako ororen aktibazioa eta inplikazioa bultzatzea da gakoa".
Ekainaren 2an aurkeztu zuten Orain Presoak dinamika, Bilbon. Urriaren 20an, manifestazioa egin zuten Donostian, eta atzo dinamikako kideek azaldu zutenez, "espetxe politika aldatzeko kontsentsua erabatekoa dela" erakutsi zuten moblizazio hartan: "Auzi honek erabateko konponbidea izan dezan, elkarlanean aritu behar dugu guztiok". Asmo hori dute urtarrilaren 12an ere: "Bi aldeak batuko dituen mobilizazio bakar honen bidez, euskal presoen auzia askatzeko eta espetxe politika honekin behingoz amaitzeko aldarriaren atzean jendarte osoa dagoela erakutsiko diegu Frantziako eta Espainiako estatuei".
Ostiralean Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak azaldu zuenez, haiek eta Frantziako Gobernuko Justizia Ministerioak euskal presoen auziko "elkarrizketa etena" dute "une hauetan". Prozesuari "bultzada bat" emateko, haiek ere beharrezkoa ikusi dute indar bat egitea Ipar Euskal Herriko instituzioek eta gizarte zibilak, eta dei egin zuten urtarrilaren 12ko manifestazioetarako.