Bilboko udaletxe atarian aurkeztu du Sare plataformak urtarrilaren 14rako deitutako manifestazioa. Martxa hori "inflexio puntu" izatea nahi dute: "Alde anitzeko konpromisoak piztuko dituen sugar moduko bat izan dadila, bai maila orokorrean, baita maila lokalean ere. Jardun-eremu edota alor bakoitzean".
Urriaren 15ean Donostian eginiko manifestazioarekin ekin zion Sarek aktibazio sozialaren ziklo berri bati, eta ziklo hori "erabakigarria" izan behar dela uste du: "Bai espainiar eta frantziar kartzeletan giza eskubideen errespetua lortzera begira, nahiz gatazkaren eta bere ondorioen konponbidean aurrera egitera begira ere".
Horretarako, gizarte osoari luzatu dio deia: "Eragile sozial, politiko eta sindikal guztiei, instituzioei, eta oro har, pertsona orori. Esfortzuak bikoizteko, borondateak gehitzeko eta ibilbide orri komuna partekatzeko deialdia da. Ideologien eta alderdikerien gainetik".
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen nahiz Espainiako Gorteetarako bozen emaitzek sortutako egoera ere gogora ekarri dute: "[Eusko] Legebiltzar berri bat osatu berri da, osaketa eta gehiengo berriekin. Eta gehiengo berri horiek, gauzak aldatzeko balio behar dute. Ezin dugu pentsa, denak berdin jarraituko duenik". Gogorarazi dute, gainera, Espainiako Kongresuan "erabateko gehiengorik gabeko" legealdia abiatuko dela eta kongresuko indar politiko gehienek beharrezkotzat jotzen dutela espetxe politika aldatzea.