gazte mugimendua

Urtarrilaren 23an irekiko dute Baionako Gaztetxea

Konponketa eta apainketa lanetan ariko dira ordura arte. Egun osoko egitaraua prestatu dute irekitze egunerako. Herritarrei egunerokoan parte hartzeko deia luzatu diete.

Gazte Asanbladako kideak, Bainoako gaztetxearen irekieraren berri ematen. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2015eko abenduaren 23a
15:33
Entzun

Herriko etxearekin akordioa lortu eta konponketak eginik, Baionako gazteek badute jada haien dinamikak aitzina eramateko leku aproposa. San Izpiritu auzoko Lesseps karrikako 7.ean 130 metro koadroko lokal bat utzi die herriko etxeak, urririk, eta azken apainketak eginda, urtarril bukaerarako martxan izanen da gaztetxea. Urtarrilaren 23an eginen dute irekitze besta: goizean irekitze ofiziala, tokiko produktuekin egindako bazkaria, poteoa eta kontzertuak eskainiko dituzte, tartean Gatibu eta Itziarren Semeak taldeekin.

Gaztetxea lortzeko bidea ez da erraza izan, ordea, eta Baionako Gazte Asanbladako kideek goizean azaldu dutenez, "garaipen bat" da lekua lortu izana: "Gure aitzineko belaunaldiek eta gureak urteetan eraman dugun lanari esker lortu dugun garaipena". Oroitu dutenez, 2008tik aritu dira herriko etxearekin gazteentzako tresna bat eraiki nahian. Orain, eremua bizirik atxiki eta ondoko belaunaldiei transmititzea izanen dute erronka: "Espero dugu ondoko urteetan ere, boterean izanen diren indar ezberdinekin adostasunean lan egiteko aukera izanen dugula":

Euskal Herrian eta munduan dauden proiektu autogestionatuak ere izan dituzte gogoan, bertzeak bertze, agintarien "konplizitatearekin" eraitsi zituzten Bilboko Kukutza, Donostiako Kortxoenea eta Iruñeko Euskal Jai. "Bizirik eta xutik" irauten dutenak ere badirela ohartarazi dute, halere, erraterako Iruñean okupatu berri duten gaztetxea: "Eredu dira guretzat. Gisa bereko lana eraman nahi dugu Baionan".

Parte hartzeko deia

Urtarrileko irekitze bestatik haratago, egunerokoan gaztetxean hainbat dinamika antolatu nahi dituzte gazteek, eta horretarako elkarte anitzekin hitz egina dute jada. Otsailetik aitzina, erraterako, yoga, tango eta bertso ikastaroak eskainiko dituzte gaztetxean. Musika taldeei errepikak egiteko tarte bat ere eskainiko diete, eta proposamenak dituen edozeini animatzeko deia egin diete: "Ekarri ideiak, proposamenak eta lanerako gogoa. Denen artean biziaraz dezagun Baionako gaztetxea!".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.