Gaur goizean ziren aukeratzekoak nork jasoko duen datorren urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, Donostiako Urrezko Danborra. Baina lehendik zeuden hamasei hautagaiez gain, proposamen berriak aurkeztu dira, eta Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluak ez du akordiorik lortu.
09:00etan hasi dute bilera, eta eguerdirako espero zen erabakia. Baina araudiak ahalbidetuta, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak beste proposamen bat aurkeztu du: Realari eta Akaka Bera Bera eskubaloi taldeari batera ematea. Ez dute akordiorik egin, eta urtarrilaren 7an beste bilera bat egingo du erabakia hartzeko. Ondoren, udalbatza deitu beharko dute erabakia berresteko.
Urrezko Danborra jasotzeko hautagaien artean daude: Alberto Iglesias musikaria, Musika Hamabostaldia, Donostiako Zinemaldia, Maddalen Iriarte kazetaria, Golden Apple Quartet eta Duncan Dhu musika taldeak, Vicente Zaragueta Aquariumeko presidentea eta Gipuzkoako Elikagaien Bankua. Iaz, Behobia Donostia lasterketak jaso zuen garaikurra.