«Krudelkeria oinarri duen eta sufrikarioa besterik ez dakarren espetxe politika» amaitzeko eskatu dute Euskal Herriko eta nazioarteko 67 abokatuk. Euskal presoen zein horien senideen egoera «berehala» aldatzea «ezinbestekoa» dela ohartarazi dute. «Euskal preso politikoen eta euren senideen bizitzak inpunitate osoz egunero erruleta zital eta krudelean ezartzen dituen espetxe politika» amaitu behar dela. Bide horretan lanean sutsu jarraituko dutela adierazi dute abokatuek, baina aldaketa horiek gauzatu daitezen, herritarren beharra dagoela ohartarazi dute. Hori dela eta, urtarrilaren 8an Bilbon Euskal Presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa lelopean egingo den manifestazioa babestu, eta bertan parte hartzeko eskatu diete herritarrei.
Sakabanaketa amaitzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, «bizi guztiko kartzela zigorrak» bertan behera uztea eta espetxeetan egiten diren eskubide urraketak amaitzea «premia larrikoak» direla adierazi dute. «Edozein demokraziaren oinarri-oinarrizko betebeharrak direnak baino ez ditugu eskatzen», esan dute, gainera, Bea Ilardia eta Jokin Elarre abokatuek, agiriaren sinatzaileen izenean.
Euskal presoen eskubideekin «nahierara jolasten» dutela salatu dute eskubideen alde egitea lanbide dutenek. Eskubideekin jolasean ibiltzea besterik ez dela, haien ustez, Frantziako zein Espainiako estatuek ezartzen duten espetxe politika. Sakabanaketa aipatu dute espresuki; gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak gatibu mantentzen dituztela; dozenaka presori bizitza osorako espetxe zigorra jarri dietela; zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkaten presoak kartzelan mantentzen dituztela; gero eta preso gehiago dauzkatela bakartuta, erabat isolatuta.
Senide eta lagunek ere pairatzen dituzte euskal presoen aurkako neurriak. Sakabanaketaren ondorioz hurkoa ikusteko milaka kilometro egin behar izateaz gain, aurrez aurreko bisitak egiteko «tratu umiliagarria» jasan behar dutela azaldu dute. Eta elkartasuna ere gero eta modu gogorragoan «kriminalizatzen» ari dela. Azken urteetan presoen eskubideen aldeko lanean jarduten duten hainbat abokatu ere atxilotu, inkomunikatu, espetxeratu eta sakabanatu dituztela ohartarazi dute, aurreko astean atxilotutako Haizea Ziluaga eta Haritz Eskudero gogora ekarrita.
Aro berriari begira
Hausnarketa bat plazaratu dute egoera horren harira: «Zitalkeria andana hori ote da herri bat justiziazko bakera eraman dezakeen bidea?». Euskal Herria aro berri baten atarian dagoela sinetsita daude abokatuak. Eta presoen aurkako neurriak amaitzea horregatik ere badela premiazkoa. «Justiziazko eta bakezko aroa beharko lukeenari arnasa emango dioten neurriak» eskatu dituzte, beraz; hala ez egiteak «balizko aro berri bati arnasa ukatzen baitio». Horregatik guztiagatik eskatu diete herritarrei Bilboko manifestaziora joateko.
Urtarrilaren 8ko manifestaziora joateko eskatu dute 67 abokatuk
Presoen eskubideen alde egingo da protesta, Bilbon; espetxe politika aldatzea «ezinbestekoa» delako babestu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu