Urriaren 8an egin zuten urtarrilaren 9rako deia, eta euskal presoen aldeko urteroko mobilizazioak izango duen leloa jakinarazi dute gaur Bagoaz eta Sarek: Mugi daitezen harriak. 17:00etan izango dira manifestazioak, Bilbon eta Baionan.
Julio Soto bertsolariak egin du leloa, eta Patxi Zubizarreta idazleak ondorengo testua idatzi du:
"Urte asko, urte gehiegi igaro ditugu labirintoan. Irteera sumatu ezinik. Handik aterako gintuen hariaren bila. Baina, urte askoren buruan, azkenean aurkitu egin dugu! Hari argia. Argi izpia. Irteera aldera goaz orain, aterabidearen hurbiltasunarekin eta itxaropenarekin. Nor bere hari zatiari helduta.
Baina, ibilbidean aurrera, hainbat harri agertu zaizkigu. Hainbat behaztopa harri etsigarri. Batzuk ttikiak dira, baztertzen errazak. Beste batzuk mugituko baditugu, esku askoren laguntza behar. Baina badira harri puska mugigaitzak ere. Alimalekoak. Labirintoa labirintikoago egiten dutenak, irteeraren poztasuna zapuzten dutenak.
Baina harriak ez daki nire haria hariagoa dela zurearekin lotuz gero, eta guztion hariak harilkatuta, soka bat sortzen dela. Zenbat eta hari gehiago lortu, zenbat eta hari gehiago lotu, orduan eta sokagoa da soka, sendoagoa, gotorragoa. Eta hamaika hari finez osatutako soka irmoaz harria bilduta, denok norabide berean, tira handik eta tira hemendik, kirrikilun-karrakilun, harria mugitzea lortu dugu. Eta bidea zabaltzearekin batera, konkorra gutxitu egin zaigu eta tenteago goaz gu, zuzenago, zeren urte asko, urte gehiegi igaro baitigugu labirintoan, zama handiegiarekin.
Eta urrun ditugunekiko hurbiltasunak eta itxaropenak bultzatzen gaituzte irteerarantz".