Eusko Legebiltzarrak otsailean Droga Mendekotasunen Legea aldatu aurretik ere, ostalaritza guneetan tabakoa erretzen dutenei isunak ezartzeko aukera izango du Eusko Jaurlaritzak. Legearen egokitzapenak zehaztuko du zigorrak zein izango diren, baina Celina Pereda Droga Mendekotasunen arloko zuzendariak azaldu duenez, «egun hori iritsi baino lehen beharrezkoa balitz isunak ezartzea, arazorik gabe ezarriko dira».
Urtarrilaren 2an jarriko da indarrean Hego Euskal Herrian tabakoaren aurkako legea, eta horrek zer ekarriko duen jakinaratzeko publizitate kanpaina bat abiatuko du gaur Eusko Jaurlaritzak. Ostalariak eta herritarrak informatzea du helburu kanpainak, eta, horretarako, erretzeko nahiz adingabeei tabakoa saltzeko debekuaren berri emango duten 18.000 afixa banatuko dituzte taberna, dantzaleku eta kirol instalazioetan. Peredak atzo aurkeztu zuen kanpaina Aquino Rodriguez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkariarekin batera.
Taberna batean edota kirol instalazio batean norbaitek errez gero salaketa egitea nori dagokion erabat zehaztu gabe, Peredak argitu zuen, «2005eko legearekin ez bezala», oraingoan bete egingo dela. «Orain arte bere osasunarentzat kaltegarria izan den giroa pairatu duen horrek berak egingo du ikuskatzea, eta gogoraraziko dio erretzaileari leku jakin batzuetan ezin duela erre». Peredak, era berean, gogora ekarri zuen tabakoaren aurkako legeak isunak ezartzen dituela hala tabernarientzat nola erretzen den lokaleko arduradunentzat.
Horri lotuta, Droga Mendekotasunen Zuzendaritzak jakinarazi du «lege-hauste bat izanez gero» herritarrek ohiko bideei jarraitu ahal izango dietela salaketak egiteko. Horrela, Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailaren Droga Gaietarako Zuzendaritzak bideratuko du salaketa, eta herritarrak administrazio orokorreko erregistroetan aurkeztu ahal izango du. Salaketak hainbat eduki eraman beharko ditu berekin: salaketa egin duenaren izena, arauaren haustea izan daitekeen gertakariaren kontaketa, noiz izan den zehaztuta, eta, ahal denean, erantzuleak izan daitezkeenen identifikazioa; baita salaketa eredua ere.
Informazio kanpainaren osagarri, Jaurlaritzak ikuskatu egingo ditu urtarrilean tabakoaren aurkako legearen mende geratzen diren lokalak, araua betetzen den ikusteko.
Ostalariak, kanpainarekin
Ostalariek Jaurlaritzak abian jarriko duen publizitate kanpainarekin bat egin arren, legearen atal batzuekin ados ez daudela adierazi zuen Aquino Rodriguezek, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkariak. Rodriguezek salatu zuen arau berriak ordainik ez duela jasotzen aurreko legeari jarraiki ostalaritza guneak egokitu zituztenentzat, eta, horretaz gain, norbaitek tabernan erretzen duenean ostalariari ere isunak jartzea kritikatu zuen.
Peredaren iritziz, aldiz, lege berriak ez die kalterik egingo ostalariei, «erretzeko debekua lokal guztiek bete beharko dutenez, ez baita izango erretzea baimendu eta debekatuko dutenen arteko lehiarik».
Urtarrilaren 2an indarrean jarriko den legearen aurrerapen gisa, gaur sentsibilizazio ekintza bat egingo dute Donostian. Parte Zaharrean kalejira egingo dute, eta tabernaz taberna ibiliko dira, herritarrak ez erretzera animatuz. Horretarako, pintxoak jatera gonbidatuko dituzte tabernan erretzen ez dutenak.
Urtarrilean bertan zigortu ahal izango dituzte erretzaileak
Eusko Legebiltzarrak legea egokitu aurretik isunak jartzeko aukera izango dela agertu du Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu