Orain arte, soilik hiru txerto zituzten derrigorrezkoak: difteriaren, tetanosaren eta poliomielitisaren aurkakoak. Beste zortzi hartzea, ordea, aukerazkoa zen; tartean, pneumokokoaren, B hepatitisaren, errubeolaren eta kukutxeztularen aurkakoak. Orain, ordea, 11 horiek nahitaezko izatea nahi du Parisek.
Frantziako Gobernuak uztailean jakinarazi zuen 11 txertoak derrigorrezko izateko asmoa, baina joan den ostegunean adierazi zuen Agnes Buzyn Osasun ministroak neurria urtarrilaren 1etik aurrera sartuko dela indarrean.
Buzynek esan zuen denbora utziko diela familiei, baina ohartarazi zuen gobernuaren asmoa dela txertoak hartu ez dituzten haurrak txertatzea —%15 inguru—, horiek "gainerakoak arriskuan" jartzen dituztela eta "epidemiak berriz sortzea ahalbidetzen" dutela argudiatuta.
Umeak txertatzen ez dituzten gurasoek sei hilabeteko espetxealdiak eta 3.750 euroko isunak jaso ditzakete.