Euskal Herria

Urtarrileko euskal presoen aldeko manifestazioaren harira deklaratu du gaur Placer Ugarte apaizak Espainiako Auzitegi Nazionalean

Ukatu egin du manifestazioaren atzean "ETAren aldeko talderen bat" dagoela.

2011ko otsailaren 4a
19:22
Entzun
Urtarrilaren 8an Egin Dezagun Urratsa plataformak deituta Bilbon euskal presoen alde egin zen manifestazioaren harira, deitzaileetako batek, hain zuzen, Felix Salvador Placer Ugarte apaizak deklaratu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ukatu egin du manifestazioaren atzean "ETAren aldeko talderen bat" dagoela. "Terrorismoa goratuko zela pentsatuko banu, ez nuke nire oniritzia emango".

Placerrek azaldu duenez, ostiralero euskal presoen eskubideen alde elkartzen diren taldeko bi pertsonak eskatu zioten manifestazioko deitzaileetako bat izatea. Apaizak ziurtatu du bi pertsona horiek ez dutela zerikusirik "ETAren aldeko" taldeekin. Horietako bat identifikatu du, eta bestea identifikatzen saiatzeko eskatu dio Santiago Pedraz epaileak.

AVT eta Dignidad y Justicia erakundeen arabera, manifestazioan "ETAren aldeko aldarriak" egon ziren eta "etakideen argazkiak —horien artean, Jose Mari Sagarduiren argazki handi bat" erakutsi zuten—. ETAren biktimen erakundeen eskaera haintzat harturik, "terrorismoari gorazarre" egin zitzaion argitzeko Pedrazek txosten bat prestatzeko eskatu die Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.