Urte batean egositako oihua

Milaka pertsona haustura hidraulikoaren aurka agertu dira Gasteizen, aspaldiko manifestaziorik jendetsuenetako bateanEuskal Herriko eta Espainiako plataformak egon dira 'fracking'-aren hedadura islatzeko

Ehunka eta ehunka lagunek egin zuten protesta atzo arratsaldean Gasteizen lurpetik gasa erauzteko proiektuaren kontra. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Fracking-aren aurkako oihuak Gasteiz bete zuen atzo arratsaldean. 7.000 pertsona inguruk parte hartu zuten, greba orokorretako manifestazioak kenduta, Gasteizen aspaldian egindako manifestaziorik handienetako batean. Ordea, zenbakiek ezin dute islatu manifestazioak utzi zuen ahogozoa. Batasuna islatu zuen. Plataformen arteko batasuna alde batetik, eta, bestetik, egitasmo horren aurkako herritarren artekoa. Nabarmentzekoa da hori, duela urte bakar bat jakinarai zituztelako haustura hidraulikoari buruzko egitasmoak .

Ez hemen, ez inon; Fracking ez zioen pankartaren atzean, Hego Euskal Herriko probintzietako plataformez gain, Espainiako hainbat ere egon ziren ordezkatuta: Errioxa, Burgos, Soria eta Kantabriakoak. «Hau ez da gure etxe inguruko borroka bakarrik; baimenak nonahi emanak daude», ohartarazi zuen Mikel Oterok manifestazioa bukatzean.

Haustura hidraulikoa «energia eredu suizidaren» jarraipena dela nabarmendu zuen, eta egitasmoek aurrera egingo balute eragin dezaketen kaltea gogorarazi. Hori onartzea «lotsagabekeriatzat» jo zuen Oterok. Horrenbestez, zundaketak egin nahi dituzten enpresei, egungo agintari politikoei eta etorkizunekoei mezu bat bidali zien: «Har dezatela kontuan gaur bildu den jendetza: egitasmo horiek egiten saiatzen badira, jakin beharrean daude aurrean izango gaituztela».

Duela sei urteko asmoa

Ikusgarria izan zen atzo bildutako jendetza; batez ere, kontuan hartuta duela urte bat inor gutxik zuela haustura hidraulikoaren berririk Euskal Herrian. Arabako lurpetik gasa fracking teknikaren bidez erauzteko lehen albistea Patxi Lopez lehendakariak eman zuen, Ameriketako Estatu Batuetan bidaia famatu bat egin zuenean. Ordea, 2011ko urriaren 15ean emandako albistea bost urteko lanen fruitua zen.

Euskadiko Hidrokarburoen Elkarteak 2006an, Juan Jose Ibarretxeren agintaldian, hasi zituen bilerak gaur egun bidaide dituen Heyco eta Cambria Europe enpresekin. Ordutik aztertu zituzten egitasmoak zer zailtasun izan zitzakeen, instituzioekin zer harreman izan behar ziren, eta Gasteizko Mendiak natur parke izendatzea onartuko balitz zer erabaki hartu. Ordea, lan hori egin zutenean nekez aurreikus zezaketen egitasmoak herritarren artean zer oihartzun izango zuen.

Bi hilabete igaro ziren Patxi Lopezek Arabako lurpean EAEko gas kontsumoa 60 urtez asetzeko moduko gas kopurua zegoela esan zuenetik Arabako Fracking Ez plataforma agertu zen arte. Sorreratik, plataforma horrek zein gerora heldutakoek haustura hidraulikoaren aurkako mugimendua asko indartu dute, batez ere abiarazitako informazio eta mobilizazio kanpainei esker.

Gasteizen zein Arabako herri askotan hitzaldiak eman dituzte azken urtean, baita mugarritzat jo daitezkeen ekimenak egin ere: aurkeztutako 650 alegazioak, Bibat museoa txiki utzi zuten jardunaldi teknikoak, Subillako akuiferoan egindako manifestazioa, Gorbeiako tontorrean egindako mobilizazioa... Hamaika ekimenez gain, Euskal Herrian zein Espainian fracking-aren aurka sortutako mugimenduak indarrak batuz joan dira, eta atzoko manifestazioa horren erakusgarri da: urte batean egositako oihua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.