Meningitisak jota, hemeretzi hilabeteko haur bat hil zen asteazkenean Gernika-Lumon (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eman zuen atzo haurraren heriotzaren berri. Urte eta erdiko haurra sukar handiarekin eraman zuten osasun etxeko larrialdi zerbitzura, eta medikuek ezin izan zuten ezer egin neskatoaren heriotza saihesteko;21:30ean zendu zen. Hildakoaren ahizpa bikia ere gaixo dago; ospitaleratuta jarraitzen du Gurutzetako erietxean. Osakidetzak esan duenez, ordea, onera egin du haren osasun egoerak, eta arriskutik kanpo dago.
Heriotzaren berri izan orduko,Haurreskolak partzuergoak «berehalako» neurriak hartu zituen haurrak eskolatuta zeuden Gernikako Barrutia haur eskolan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere jakinarazi du haurren inguru hurbilean martxan jarri duela meningitis kasuetarako protokoloa. Haurren senideei eta haur eskolan ibiltzen den jendeari protokoloak agintzen duen antibiotikoa eman dio Osakidetzak; adierazi du hildako haurrarekin kontaktuan zeuden pertsona guztiak ondo daudela. Hala ere, Barrutia haurtzaindegiak bilera batera deitu ditu gurasoak; informatuta eduki nahi ditu Hezkuntza Sailak. Bileran parte hartuko dute haur eskolen partzuergoko ordezkari batek eta Osasun Saileko beste batek.
Aztertzen ari dira haurraren heriotza eragin duen bakterioaren jatorria zein den. Osasun Sailak eta Osakidetzak doluminak eman dizkie hildakoaren senideei. Eta herritarrei «lasai» egoteko eskatu die; gaixotasun horiek neguan «ohikoak» direla esan dute, eta «noizean behin bakarrik» izaten dutela heriotza eragiterainoko bilakaera.
Urte eta erdiko haur bat hil da Gernika-Lumon, meningitisak jota
Hildakoaren ahizpa bikia ere gaixo dago, baina onera egin du; Osakidetzak martxan jarri du protokoloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu