2006ko maiatzaren 4an ETAri polizia operazio baten berri eman eta atxiloketak saihestu zituztelakoan, Auzitegi Nazionalak hemezortzina hilabeteko zigorra ezarri die Enrique Pamies EAEko poliziaburu ohiari eta Jose Maria Ballesteros Arabako Inteligentzia Brigadako inspektore ohiari. Ez dituzte "terrorismo delituengatik zigortuko", akusazioak eskatu zuen legez; "sekretuak ezagutarazteagatik" zigortu dituzte, eta espetxea saihestuko dute. Hala ere, lau urtez lanetik baztertuko dituzte.
Irailaren 16an hasi ziren Poliziaren bi arduradunak epaitzen. Akusazioen arabera, Ballesterosek, Pausuko Faisan tabernara joan, eta sakelako bat eman zion Joseba Elosua tabernako jabeari, ustez Pamiesen dei bat jasotzeko. Polizia atzetik zuen Elosuak, ustez ETAko kide bati dirua ematekoa zelako. Halakorik egin izana ukatu zuten.
Sekretuak jakinarazteagatik bi urteko kartzela eskatu zuen fiskalak Pamiesentzat, eta beste bost urte ETAri laguntzeagatik. Fiskalaren eskaerarekin batera, herri akusazioak zeuzkaten. PPk zortzi urte eta erdi eskatu zituen Pamiesentzat eta zazpi urte eta erdi Ballesterosentzat; Dignidad y Justicia taldeak hamar eta bederatzi urte eskatu zituen, hurrenez hurren; eta AVT elkarteak, zortzi urte eta erdi eta zortzi urte.