Urte hasieratik %4,5 hazi dira genero indarkeriagatik egindako salaketak

Eusko Jaurlaritzak 150.000 euro handituko du erasoak jasan dituzten emakumeak laguntzeko diru saila

Laga hondartzan izandako bortxaketa salatzeko protesta, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Iazko datuekin alderatuz, urteko lehen sei hilabeteetan emakumeen aurkako indarkeriagatik egindako salaketak %4,5 hazi diraAraban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Salaketen ugaritze hori bikotekide edo bikotekide ohiak egindako erasoen gorakadarengatik heldu da, baita familia barruan gertatzen diren beste erasoen ondorioz ere. Ordea, sexu askatasunarekin lotutako salaketak urritu egin dira iragan urtearekin konparatuta; lehen sei hilabeteetan, mota horretako 101 kasuren berri izan du Herrizaingo Sailak.

Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak urtarriletik ekainera arteko datuak aurkeztu zituen atzo.Herrizaingo Sailak azaldu du 2.067 emakumezkoren aurkako 2.461 erasoren berri izan duela, eta, horietatik, 1.702 erasoren berri izan dute salaketen bitartez. Salaketa horietatik gehienak emakumeek berek jarri zituzte: %88. Serranok azaldu du datu horren bitartez erakusten dela zer konfiantza duten biktimek segurtasun eta babes neurrietan.

Bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako hamar erasotik zazpi 18 eta 40 urte arteko emakumeen kontra egiten dira. Ordea, familia barruan gertatzen diren eraso gehienak 40 urtetik gorako emakumezkoen kontra egiten dira. Emakumeen aurkako indarkeria pairatu dutenen jaioterriari dagokionez, hirutik bi Hego Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Katalunian jaiotakoen kontra izan dira.

Eraso guztien gainetik, Caridad Angeles Rodriguez Arrieta hil zuena nabarmendu du Serranok. Bikotekideak aitortu zuen labanaz hil zuela 39 urteko emakumea, martxoaren 26an, Tolosan (Gipuzkoa). Ordea, gogorarazi behar da maiatzaren 5ean Gabriela Arosemena 22 urteko emakumea hil zela Durangon (Bizkaia); gizon batek etxean atxikirik zeukan, eta leihotik erorita hil zen. Ertzaintzak ez zuen argitu nola erori zen, baina gizona inputatu zuen, hilketagatik.

Baliabide sarea

Rodriguez Arrietaren kasua aztertu ondoren, eta «kritika konstruktiboa» eginez, Serranok nabarmendu du neurriak sustatu behar direla emakumezkoak erasotzaileekin itzul ez daitezen. «Instituzioek emakumeen konfiantza lortu behar dute, babesa emanez eta baliabide sare egokia dagoela bermatuz». Baliabide horiek, hasieran arreta eskaintzeaz gain, erasoa jaso dutenei lagundu eta bizitza berria hasterakoan babesa eskaini behar dietela gaineratu du Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak.

Ildo horretan, emakumeen independentzia ekonomikoaren garrantzia nabarmendu du. Hori lortzeko laguntza ekonomikoak «lehentasunezkotzat» jo ditu, eta aurten horretarako diru saila542.000 eurorena dela azaldu du, iaz baino %107 handiagoa. Ordea, jakinarazi du urteko lehen sei hilabeteetan jaso dituen eskaerak nabarmen igo direla. 2011. urtean 98 eskaera jasan zituen ekainera arte, eta aurten 162 eskaera jaso ditu. Hori dela eta, diru saila beste 150.000 euro handitzeko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak. Agindua emana du, eta abuztuaren bian gauzatuko da.

Bestalde, erasoak jasan dituzten emakumeen babesa bermatzeko neurrien artean, Serranok adierazi du 54 emakumek bizkartzaina zutela ekainaren 30ean, 2011. urtean baino zortzi gehiagok. Horrez gain, 34 pertsonak erabiltzen zuten beren kokapenaren berri ematen duen eskumuturrekoa, bai erasotzaileak, bai biktimak. Ertzaintzak emandako laguntza telefonoari dagokionez, hazkunde nabaria izan da iragan urtetik; zerbitzu hori 242 emakumek zuten, eta 662 emakumek dute aurten.

Bilboko «puntu lilak»

Genero indarkeriaren kasuen inguruan informazioa emateko egitasmo bat abiaraziko dute Bilboko 160 tabernak Aste Nagusian. Taberna horiek indarkeria matxistaren kasuei aurre egiteko protokoloa izango dute, eta egitasmoaren berri emateko 1,6 milioi ahozapi banatuko dituzte, baita 10.000 txartel ere, telefono zenbaki erabilgarriekin.

Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko Berdintasun arloko ordezko zinegotziak azaldu du160 taberna horiek lila koloreko puntu batzuekin bereiziko direla. Halaber, gizon eta emakumeek «gehiegikeria eta erasoen beldur» izan gabe jaiez goza dezatela eskatu zuen Itziar Urtasunek, Jaietako ordezko zinegotziak. Bestalde, Bilboko Konpartsen bozeramaile Itziar Villafañezek iragarri du erasorik gertatuz gero horren «gaitzespen eta salaketa publikoa» egingo dutela. Txosnak denbora tarte batez itxi edo elkarretaratzeak egiteko aukera azaldu zuen Villafañezek, besteak beste.

Elkarretaratzea Gernikan

Atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zen Gernikan, Madalen jaiak ospatzen ari zirela Ibarrangeluko Laga hondartzan (Bizkaia) adingabe bat bortxatu zutela salatzeko. Eraso Sexistei Stop plataformak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatu zuten elkarretaratzea, eta salatu zuten emakumeen aurkako indarkeria gure gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketarik larrienetakoa eta hedatuenetakoa dela.

Gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza. Ordea, Gautegiz Arteagako Hitza-k jakinarazi du gizonezko bat aurkeztu zela Gernika-Lumoko polizia etxean, ustez gertatutakoaren bere bertsioa emateko. Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu zuen, eta, epailearen aurretik pasa ondoren, behin behinean aske utzi zuen, bermerik ordaindu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.