Urte osoan egin ohi duen euriaren erdia bota du udaberrian

Neguko eguraldi bero eta lehorrak eragin du aditu gehienen ustez udaberria hain hezea izatea

ainara arratibel gascon
2008ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Azken urteetako udaberri hezeena izan da aurtengoa. Pello Zabala meteorologoak emandako datu batek garbi uzten du hori: udaberriko hiru hilabetetan urte osoan egin ohi duen euriaren erdia bota du. Negura jotzen dute hori azaltzeko adituek. Haien arabera, orduko giro bero eta lehorrak eragin du udaberria hain euritsua izatea. Udaberrian euri asko egin duen arren, halere, urte hidrologikoko datuak ohi baino zertxobait baxuagoak dira, eta aurreko urteetako lehorrerako joera islatzen dute. Nahiz eta iaztik joera hori aldatzen ari den zertxobait.

«Harrigarria». Halaxe definitzen du aurtengo udaberrian egin duen eguraldia Margarita Martinek, Igeldoko Meteorologia Zentroko zuzendariak (Donostia). Iragarpenek ziotena gainditu du: «Ez genuen espero hainbeste euri egingo zuenik, eta tenperaturak ere uste baino beroagoak izan dira», dio Martinek. Pello Zabala meteorologoaren ustez, berriz, harrigarria baino «arraroa» izan da aurtengo udaberrian gertatukoa. Naturari lotutakohainbat gertaeretan sumatu du hori Zabalak. «San Isidrorako kukua mututu egin zen, eta hori ez da ohikoena. Normalean San Pedro egun inguru arte egoten da kantuan».

Neguak eragin du bien ustez udaberrian gertatutakoa. «Negua lehorra eta beroa denean, ohikoa da udaberrian euri dezente egitea. Negua ez bada negu, hurrengo urtaroak nahiko nahasiak izaten dira»,dio Zabalak. Martinek hala azaltzen du halakoetan gertatzen dena: «Itsasoko uraren tenperaturahandia da, eta errazago lurruntzen da. Lurrun hori udaberrian ohikoak diren poloetako aire masa hotzekin nahastean euria dezente egiten du». Aurten, 13 ilargi aldi izateak ere badu eragina Zabalaren ustez. «Normalean urte horiek beti izaten dira arraroak».

Datuak aztertu eta parekatzean kontuan izan behar da meteorologiarenikuspegitik udaberria apirilaren 1eanhasten dela, eta ekainaren 30ean amaitu. Dena den, orain artekoari erreparatuz gero, esan daiteke aurtengo udaberria oso hezea izan dela. «Batik bat barnealdeko datuak dira esanguratsuak, kostaldean izan baitira aurtengoaren pareko udaberriak», nabarmendu du Martinek. Forondako aireportuko estazio meteorologikoan (Gasteiz),adibidez, 1945 urtean hasi ziren datuak biltzen, eta aurtengoa bigarren udaberri hezeena izaten ari da 1977koaren atzetik. Urte hartan 424 litro jaso ziren metro koadroko; aurten, berriz, 417 l/m2. Noaingoaireportuko (Iruñea) estazioan, berriz, inoizko euri kopuru handiena jaso da: 406 l/m2 koadrorekin. Gainontzeko estazioetan jaso den euri kopurua ere inoizko handienetakoa izan da.

Zabalaknahiago du neurketailargi aldien arabera egin. Dena den, ondorioa berdina izan da: «Bazterrak zopa-zopa utzi arte bota du». Udaberrian izandako hiru ilargi aldietan 874 litro jaso dira metro koadroko.Neguan, adibidez, 222 ,2 litro egin zituen metro koadroko.

Eroritako euri kopuruagatik ez ezik, egindako euri egunengatik izan da ez ohikoa aurtengo udaberria. «Ia egunero egin du euria», azaldu duMartinek. Miarritzen (Lapurdi), adibidez, 19 egunetan egin zuen euria maiatzean, ohikoena 13 den bitartean.

Prezipitaziak aztertzean, garrantzia berezia ematen diete meteorologoek urte hidrologikoko datuei. 2007-2008 urte hidrologikoa iazko irailaren 1ean hasi zen, eta aurtengo abuztuaren 30ean amaituko da. Urte hidrologikoa lehorretik doa oraingoz. «Azken hiru hilabeteetan egin duen euria kontuan hartuta, harrigarria den arren urte hidrologikoaren barruan Euskadiko estazio ia estazio guztietan bildu den ur kopurua normala baino baxuagoa izan da. Negua oso lehorra izanak eragin du hori», nabarmendu du Martinek.



AZKEN URTEETAKOARI JARRAITUZ. Lehorrerako joera hori, gainera, 2001. urtean hasi zen. «2001. urtean oso lehorra izan zen, eta ondorengo bost urteetan ere ohi baino euri gutxiago egin zuen». Aurreko lehorte aldiak aintzat hartuta, joera nabarmen bat ikusten da: hurrengo urteak oso euritsuak izaten dira. «Oraingo honetan ere hala izaten ari da. Iaz euri dezente egin zuen, eta aurtengoa ere hala izatea espero da», azaldu du Martinek. Horrek garbi uzten du haren irudiko eguraldia «oso jakintsua» eta «orekatua» dela. «Kontuan da batzuetan urteak behar izaten dituela oreka hori lortzeko». Normalean eguraldiaren joerek 25 bat urte irauten dute. «Une honetan eguraldi lehor eta bero batetik hotz eta heze batera igarotzen ari gara».

Joera hori udan islatuko da. Izan ere, udaberriarekin alderatuz aldaketa handirik ez dute espero adituek. «Arraro antzean jarraituko du. Duela hilabete izan ziren tenporak eta egun haietan nahiko giro nahasia izan zen», dio Zabalak. Haritzari hostoak lizarrari baino lehenago atera izanak ere hori adierazten du haren ustez.

Lainoak izango dira nagusi. «Eguzkiari kosta egingo zaio ateratzea aurtengo udan, eta haizea ere nahiko zakar ibiliko da». Eguraldi hobea egingo du barnealdean kostaldean baino. «Kostaldean behe lainoa izango da nagusi». Ez du uste, haatik, uda oso euritsua izango denik.



uHoLDeaK

2008-03-26. Aurreko egunetan izandako denboraleak utzitako euriaren eta elurra urtzearen ondorioz, Bilbo eta Gasteiz urez hornitzen dituzten Uribarri eta Urrunagako uhateak ireki behar izan zituzten. Nafarroan Argaren ibaiak gainezka egin zuen Iruñeko hainbat lekutan,Arakil eta Arga Ibaiak gainezka egin izanak ere hainbat arazo eragin zituen errepidean.

2008-06-01. Ibaiek azken urteotako emaririk handiena jasan zuten, eta zenbait lekutan gainezka egin zuten. Kaleetan pilatutako ur emariek kalte handiak eragin zituen Bizkaiko Getxon, Erandion etaAlonsotegin, Gipuzkoako Ordizian, eta Beasainen etaNafarroako Castejonen. Getxon, adibidez, 127 litro egin zituen metro koadroko; Laudion, 130; Mungian, 139; Tafallan, 41,1; eta Iruñean, 56,7. Meteorologi agentziaren alarma berezirik ez zuela jaso adierazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak.

2008-06-10. Gasteiz hegoaldean, hiriburutik kilometro gutxira dauden Uribarri Nagusia, Mendiola, Monasterioguren eta Puente Alton uholdeak izan ziren. Hainbatlagun erreskatatu behar izan zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.