Urtebete banako kartzela Laudioko bi laguni, 2003an PPko ordezkariei eraso egin zietelakoan

2012ko martxoaren 26a
16:30
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebete banako kartzela zigorra jarri die Laudioko bi laguni, herriko udal ordezkari batzuei 2003ko udalbatzar batean eraso egin izana egotzita, eta bina hilabetekoa hemezortziri —tartean, bi haiei—, udalbatzar berean "Estatuko instituzioen kontrako delitua" egin zutela argudiatuta.

Oier Amorrortu eta Aitor Goikoetxea dira urtebete banako kartzela zigorra jaso dutenak, eta bi hilabetekoa, haiez gain, Angel Benito, Gaizka Amorrortu, Alfredo Remirez, Asier Barruetabeña, Beñat Mendiguren, Aitor Basterra, Iker Roiz, Oihana Gomara, Carmelo Serrano, Saioa Ugarriza, Jon Ander Altube, Eulalia Aramendi, Kepa Garrote, Urtzi Goitia, Miguel Angel Mate eta Jesus Mari Gomezek jaso dute. Aitor de la Torre absolbitu egin dute.

Angela Murillo izan da epaiketako epaimahaiburua. Beste epaileak, Javier Martinez Lazaro eta Femando Bermudez de la Fuente. 200 eta 900 euro arteko isun bazuk ere jarri dituzte.

2003ko ekainaren 14an udalbatza osatzeko saioan PPko kargudunei eraso egin zietelakoan epaitu zituzten hemeretziak joan den urtarrilean. Fiskalak hiru urteko espetxe zigorra eskatu du bakoitzarentzat. Hark zioen "Batasunarekin duten harremana edo sinpatia" dela medio jo zituztela Santiago Abascal Conde, Rose Maria Torres eta Montserrat Canive zinegotziak, eta jendearen artean zeuden PPko beste batzuk —Esau Martin Amurrioko alkatea, Carlos Urkijo eta Santiago Abascal Eskuza parlamentariak eta Francisco Javier Mosquera PPko kidea—.

Auzipetuek epaiketan salatu zuten PPko kideek eta euren bizkartzainek erabili zutela indarkeria, eta esan zuten horiek udalbatzar aretora "kolpeka" sartu zirela. Auzipetuek zioten euren helburua Pablo Gorostiaga ordura arteko alkateari babesa adieraztea zela, eta salatu egin nahi zutela ez ziotela utzi bozetara aurkezten. Gomarak lurrera bota zutela gaitzetsi zuen, Goitiak esan zuen Abascal zinegotziak ostikoa jo ziola eta Garrotek azaldu zuen bera Urkijok jo zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.