Pilota batek Iñigo Cabacas hil zuen egunetik urtebete iragan den arren, Ertzaintzak oraindik ez du argitu nork eman zuen 2012ko apirilaren 5eko arratsalde horretan kargatzeko agindua, eta inor ez dago inputatuta. Rodolfo Ares orduko Barne sailburuak esan zuen kalean borrokan zirela hainbat gazte, baina lekukoek argitu dute borroka txiki bat zela, eta jai giroa zela nagusi Athletic-Schalke04 partidaren atarian Indautxu auzoan.
"Lehenik gomazko pilotak botaz kargatu zuten, eta gero borrekin eta pilota gehiago botaz egin zuten", diote lekuko eta bizilagunek. Karga aurretik ohartarazi gabe egin zutela azaldu dute, eta "basatia" izan zela. Ertzaintzak ikerketa zabaldu zuen gertatutakoa argitzeko, eta borrokan aritu ziren gazteak atxilotzera iritsi zen.
Kasua Bilboko epaitegietan dago. Oraindik, ordea, hilketa gertatu eta urtebetera, ez dute karga horietan parte hartu zuten ertzain guztiek deklaratu, eta zenbait iturrik diote soilik lauk onartu dutela gomazko pilotak bota zituztela. Egunetara eman zituen Aresek azalpenak, kontuak eskatu zizkioten arren. Dimisioa ere eskatu zuten hainbatek, baina horrek ez zuen sekula eman; Patxi Lopezen Legebiltzarrerako kanpaina zuzentzeko utzi zuen kagua.
Horrelako kasuetan Aresek Ertzaintzaren jokabidea defendatu du beti. Gainera, familiak auzia politizatu nahi zuela esan zuen; PSEk gaineratu zuen auzia Ertzaintzari ospea kentzeko erabili nahi zutela. Iñaki Azkuna Bilboko alkateak ere hortik jo zuen, eta esan zuen Cabacasen heriotza "erabili" egin zutela. Aresen gainera Cabacasen hilketa salatzeko egin zen manifestazioarenatestatua bidali zion fiskaltzari, ikertu zezan.