"Etorkizunari itxaropenez begiratzeko unea" dela eta "ausardiaz eta arduraz jokatzeko unea" dela ere aitatu ondoren, "ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du", zioen ETA erakundeak gaur urtebete, 2011ko urriaren 20an (ETAren adierazpena). Arratsaldean jakin zen berria, besteak beste BERRIA.INFOren bidez. Euskal Herriaren historiaren azken 50 urteetako albisterik garrantzitsuenetakoa zen. "Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin-betikoa erakusten du".
Atzerabueltarik gabeko erabakia zela zioen zuen ezker abertzaleak, seguru. Izan ere, bere apustu estrategiko berriarekin koherente zen ETAren erabaki hura; hau da, soilik bide politiko eta demokratikoekin borrokatzearen aldeko apustua egin zuen ezker abertzaleak, barne eztabaida baten ondotik 2010eko otsailean Zutik Euskal Herria adierazpena plazaratuta, eta horren segida zen ETAk betiko bukatzea borroka armatua.
Eragile batzuek zalantzan jarri zuten ETAren borondatea. Urtebete pasatu da, ETAren indarkeriarik ez da gertatu, eta dagoeneko guztiek aitortzen dute aro berri batean dela Euskal Herria duela urtebeteko agiri harez geroztik.
2011ko urriaren 20 hartako adierazpenean ETAk, halaber, Espainia eta Frantziako gobernuei dei zien "gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko". Aieteko Konferentziako adierazpeneko (2011-10-17) bigarren puntuak ere horixe eskatzen du; hots, Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powell bezalako nazioarteko buruzagi esanguratsuek izenpetutako adierazpen hark ere bi gobernuei ETArekin "gatazkaren ondorioez" hitz egiteko eskatu zien.
Ez da halakorik gertatu. Lehengoan segitzen duten gauza batzuek: atxiloketak, espetxe politika (sakabanaketa, Parot doktrina...), epaiketak... Ondorioz, bada bidea egiteko.
Dena dela, urtebete honetan izan da gatazkaren konponbiderako eta normalizazio politikorako albiste onik. Hor da Sortu ezker abertzaleko alderdiaren legeztatzea, hor da Amaiur eta EH Bildu koalizioen barruan ezker abertzalearen legezko parte hartze elektorala, hor da Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren kontra emandako ebazpen bat...
"ETAk, azkenik, euskal jendarteari dei egiten dio konponbide prozesuan murgil dadin, bake eta askatasun agertoki bat sortu arte" zen haren agiri historikoko azken esaldia.
ETAren 50 urteko historia (2011-10-21, BerriaTB)
[berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1255/[/berriatb]
'Agur armei, behin betiko' (2011-10-21, BERRIA)
Gehigarri berezia
'Konponbideari begira' (BERRIA.INFO)
Webgune berezia