Su-etena

Urtebetean akordioa lor daitekeela uste du Alec Reid apaiz katolikoak

ETAren su-eten iragarpenaren ostean, alderdien mahaia irailean osatzea espero du Alec Reid Irlandako gatazkan bitartekari lanak burutu zituen apaiz katolikoak. Horrela, urtebetean gatazkaren amaiera izango den akordioa lor daitekeela ziurtatu du Reidek. Era berean, apaiz katolikoaren arabera azken bost urteetan ezker abertzalea izan da "politika baketsu baten aldeko defendatzaile sutsuena". Ezker abertzaleak gatazka elkarrizketaren bidez eta modu demokratikoan konpondu behar dela esaten zuela gogorarazi du du Reidek.

2006ko apirilaren 17a
18:10
Entzun
Alderdien mahaia Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin osatu behar litzatekeela uste du Reidek. Hala ere, baina, Batasunak mahai horretan egon behar duela azpimarratu du, "beraiek gabe ezin baita bake elkarrizketarik egin". Batasuna legez kanpo dagoela kontutan hartuta, PSOEk egoera hori konpon dadin lagunduko duela uste du Reidek.

Irlandako apaizarentzat ETAk ez du mahai horretan parte hartzerik izan behar. Mahaia alderdiek soilik osatu behar dutela pentsatzen duelako. Beraz, biktimen elkarteek ere ez lukete alderdien mahai horretan egon behar. Hala ere, azpimarratu du biktimak "gure ekitekoaren epizentroan" daudela.

Bestalde, PPk ere "prozesuan parte hartzea eta gidatzea" espero du apaiz katolikoak. Baita alderdien mahaia egotea ere. Reiden hitzetan, PP alderdien mahaian ez egoteak esan nahiko du ez duela elkarrizketan parte hartuko eta orduan "elkarrizketa beraiek gabe egingo da".

Alec Reiden hitzetan su-etena ez da "tranpa" bat. Izan ere, 1998an ez bezala, oraingoan ETA su-etenerako "prest" dagoela uste du IRAren desarmearen lekuko izan zen apaiz katolikoak. ETA bezalako talde batek gauzak "pausoz pauso" egin behar dituela azaldu du eta "gaztazka modu demokratikoan konpontzen denean", hasi ahal izango dute taldeko buruzagiek "armak emateari buruz hitz egiten".

Reiden arabera, ETAk duela lau urte hartu zuen erabakia. Baina azaldu duenez, IRArekin gertatu zen bezala "talde hauetako buruzagientzat oso zaila da beraien kideak konbentzitzea jarduteari utz diezaioten".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.