Urtebeteko espetxe zigorra jaietako programan presoen argazkiak erakusteagatik

Gernikako alkateorde ohiari eta egitarauaren diseinatzaileari jarritako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak

Erredakzioa
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Gernika-Lumoko 2009ko jaietako egitarauaren argitalpenean Busturialdeko euskal presoen argazkiak erakusteagatik urtebeteko espetxe zigorra ezarri die Auzitegi Gorenak Jesus Mari Alberdi Gernika-Lumoko alkateorde eta jaietako zinegotzi ohiari eta Francisco Javier Etaio argitalpenaren diseinatzaileari. Iazko azaroan Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra berretsi du Gorenak. «Terrorismoari gorazarre» egitea egotzita, urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri zien Auzitegi Nazionalak Alberdiri eta Etaiori; lehenari, jaietako zinegotzi izanda jai egitarauaren argitalpenaren erantzule nagusia delako, eta bigarrenari, argitalpena diseinatu zuelako.

Juan Ramon Berdugo magistratua buru izan duen Auzitegi Goreneko epaimahaiak dio bi akusatuek jakin bazekitela argazkiak eta haiekin batera agertzen ziren testuak jarrita presoen aldeko «gorazarre eta eskertza ekintza» bat egiten ari zirela. «[Argazkiek eta testuek] ez zuten beste helbururik» dio epaiak, eta argazkietan agertzen diren preso guztiak «puntu komun» bat dutela nabarmendu du. «Ekintza terroristengatik auzipetuak edo zigortuak izan dira denak».

Iazko azaroaren 4an egin zen epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta han, Alberdik eta Etaiok ukatu egin zuten «terrorismoari gorazarre» egin nahi ziotela; helburua euskal presoen sakabanatzea eta haien eskubideen urraketak salatzea zela nabarmendu zuten.

Auzitegi Goreneko epaimahaiak, baina, uste du gisa horretako aldarrikapenen bidez gorazarre egin nahi ziotela «terrorismoari». «Dinamika terroristaren» parte dira aldarrikapen horiek, dio epaiak, baita euskal presoei preso politiko deitzea ere. «Lengoaiaren birsortzearen adierazpen arrunt bat baino ez da, dinamika terroristaren sinbolo bat, zeina itxura axolagabe baten bidez lengoaia arruntaren parte bilakatu nahi duten, itxura akritiko eta salagarri batean».

Beste hainbat herritan bezala, 2009ko sanrokeak gorabehera ugarikoak izan ziren Gernika-Lumon: argazkien polemikaz gain, Auzitegi Nazionalak pregoia debekatu zuen, errugbi taldeak eta Etxerat-ek eman behar zutelako; urtero euskal presoen eskubideen alde egiten den kalejira ere debekatu egin zuen.

Auzitegi Nazionaleko epaia jakin berritan, Jose Mari Gorroño Gernika- Lumoko alkateak auziaren «izaera politikoa» salatu zuen, eta gogora ekarri zuen aurreko urteetako jaietako egitarauetan ere azaldu zirela presoen argazkiak.

Debeku eskaera Azpeitian

Dignidad y Justicia elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio Azpeitiko saninazioetan euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko egingo diren ekimen guztiak debekatzeko. Dignidad y Justiciak salatu du Azpeitiko Udalaren jaietako egitarau ofizialean Egin Dezagun Bidea ekimenak larunbaterako antolatu duen manifestazio bat iragartzen dela. Elkarte horrek uste du ekimen horren helburua «terrorismoari gorazarre» egitea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.