Irailean hasi zuten epaiketa Bilbon, baina urriaren 13ra atzeratu zen, lekuko gisa deklaratu behar zuten bi ertzain agertu ez zirelako. Orduan, fiskaltzak bina urteko kartzela zigorra eskatu zuen auzipetuetako lauren aurka, eta 8.850 euroko isuna guztientzat, Poliziaren aurkako atentatua egotzita. Bosgarrenari, ordena publikoaren aurkako falta egotzi zioten.
Kargu horiek berretsi ditu orain epaileak, eta urtebeteko zigorra ezarri die bost auzipetuetatik lauri. Gainera, bost auzipetuek kalteordainak eman beharko dizkiete ertzainei, lesio faltagatik zigortu dituelako epaileak. Denera, 4.000 eurotik gora ordaindu beharko dizkiete.
Eleak mugimenduak Eusko Jaurlaritza egin zuen auziaren erantzule, Ertzaintza zegoelako salaketen atzean. "Lege injustuen aurka lanean jarraituko dugu", esan zuen Txerra Bolinaga bozeramaileak. Antzeko salaketa gehiago ere izan dira, besteak beste, Loiolako 'herri harresian' parte hartu zuten bi lagunen aurka.
Xabi Fernandez de Gamarra atxilotu du Ertzaintzak
Bestetik, Xabi Fernandez de Gamarra atxilotu du Ertzaintzak, Gasteizen, Eleak mugimenduak zabaldu duenez. Bi urte eta erdiko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak apirilean, eta Gorenak berretsi egin du orain zigorra. Eleak-ek salatu du epaia jakinarazi gabe atxilotu dutela. Zigorretik bete gabe geratzen zaion denboran kartzelan egon beharko du.
Gorenak berretsi egin du apirileko sententzia t Xabik esagutu baino lehenago atxilotuta izan da 7 hilabete betetzeko https://t.co/BTSjOy0RpA
— Eleak Mugimendua (@EleakMugimendua) November 13, 2014