Arrasaten (Gipuzkoa) antolatu dute aurten munduko kulturen Mundumira jaialdia. Urtebeteko etenaldiaren ostean, programazio zabalarekin itzuli da munduko kulturen jaia. Urtero bezala, musika izango da jaialdiko ikurretako bat. Arrasateko Biteri plazan egingo dituzte kontzertu nagusiak. Besteak beste, Kiko Veneno, Betagarri, Yemamah, Joseba Irazoki, Urko Menaia eta Mery May izango dira jaialdian. Ikuskizunak, txangoak eta kirol erakustaldiak ere ez dira faltako festan. Maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitarte izango da jaia, eta Arrasatera joaten direnek ekitaldi anitzetan parte hartzeko aukera izango dute.
Aurreko urteetan bezala, kultura, turismoa eta kirol jarduerak uztartuko ditu jaialdiak. Gainera, aurten artisau eta gastronomia azokez gain, nekazaritza ekologikoaren azoka ere izango da. Elkartasunari ere lekua egin diote: Mundumiraren elkartasun elastikoa jarriko dute salgai, gobernuz kanpoko proiektuetan laguntzeko.
Bederatzigarren jaialdia da aurtengoa, eta, aurrekoetan bezala, Debagoiena mundura zabaltzeko jaia ere izango da Mundumira. "Kultura ezberdinak biltzeaz gain, Debagoieneko bailara ezagutzera ematea du helburu jaialdiak", azaldu du Igor Ezpeleta Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako presidenteak. Jaia Arrasaten izango den arren, inguruko bailara ezagutzeko hainbat ekintza ere antolatu dituzte.
Mundumirak hiru gune izango ditu: Herriko plaza, Seber Altube plaza eta Biteri plaza.
Euskal Herria liburu bildumak, Ginmusika ekoizpen etxea eta Debagoieneko Mankomunitatea arduratu dira Mundumira antolatzeaz, baina eskualdeko hainbat elkartek, enpresak eta gobernuz kanpoko erakundek ere lagundu dute.