Nafarroa

Urtebeteren ondoren, aldaketaren "argi-ilunak"

EH Bilduko Maiorga Ramirezek Nafarroako Gobernuaren lehen urtebetea "oso positiboa" izan dela azpimarratu du, baina hobetzeko kontuak ere ikusi ditu.

Maiorga Ramirez, gaurko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2016ko uztailaren 20a
08:46
Entzun

Duela urtebete, Uxue Barkos Nafarroako lehendakari izendatu zuen parlamentuak, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeen aldeko botoekin. Horregatik, gaur lehen hamabi hilabeteen azterketa egin du Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak. "Unea iritsi da azterketa zintzo eta errealista bat egiteko, hobetzeko proposamenak eginez". 

Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan, gobernuak gauza oso onak egin dituela azpimarratu du. "Aurrera egin da aldaketa sendotzeko oinarrizkoak izan diren kontuetan. Aldaketak, era berean, pixkanakakoa eta arduratsua izan behar du". Ramirezek gaineratu du UPNk eta PSNk "etengabeko zarata" sortu dutela, gizarte nafarra aldatu egin dela onartu gabe. "Jo eta ke aritu dira argudiorik gabe".

Dena den, gobernua sostengatzen duten indarrek autokritika eta gogoeta egin behar dutela deritzo. "Aztertu behar dugu zer hobetu daitekeen eta ikusi behar dugu orain dela urtebete erabaki zen gobernu moldea nola sendotu". Era berean, akordio programatikoan sakondu behar dela deritzo. Duela hilabete, Uxue Barkos lehendakariak administrazio egituran aldaketak iragarri zituen. Ramirezek beharrezkotzat jo du, eta EH Bildu ekarpenak egiteko prest azaldu da.

Gainera, Aroztegia proiektuarekin gobernuak hartutako jarrerarekin kritiko azaldu da. Egiteko dauden gauzen artean, Ikurren legearen aldaketa dago. "Arazo legal bat da aniztasuna normaltasun osoz hartuko duen foru lege bat ez izatea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.