Euskal presoentzat berebiziko garrantzia duen epai bat kaleratuko du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hilaren 23an. Frantzian espetxe zigorra bete ostean Espainian ere giltzapean daudenei edo egon behar dutenei eragin diezaieke. Iker Urbina abokatuak jakinarazi duenez, ostiralean jakin zuten hilaren 23an jakingo dela epaia. Ebazpena "baikorra" izatea espero du Urbinak, eta,"logikoki", egoera berean dauden preso guztiei eragitea.
Europako Batzordeak aspaldi argitu zuen presoek zigorrak batzeko aukera izan behar dutela eta Europako Batzordeko kide den edozein estatutan betetako zigorra aintzat hartu behar dela beste estatu batean bete beharreko zigorra kalkulatzeko. Espainiak, baina, ez du betetzen arau hori, eta Estrasburgok horri buruz erabakiko du.
Berez, lau kasu ditu mahai gainean Giza Eskubideen auzitegiak, baina, Parot doktrina deiturikoan gertatu bezala, lau kasu horien egoera berean dauden preso guztiei eragingo die epaiak, haien aldekoa bada. Horren ondorioz, hogei preso atera daitezke giltzapetik.
Santiago Arrospideren, Kepa Pikabearen, Francisco Mujikaren eta Alberto Plazaolaren kasu jakinei buruz ebatziko dute —Arrospide eta Plazaola aske daude jada—, baina 40 kasu daude berez auzitegian. Iazko otsailean onartu zuten tramiterako Pikabearen auzia.