Xalbador kolegioaren irudia murgiltze ereduaren garapenari eta herri mugimenduaren lan eskergari loturik ageri da euskaltzaleen gogoetan. Urteek Xalbador kolegioa aterpetzen duen etxe zaharraren hezurrak okertu dituzte, eta, kolegioaren zein Seaskaren garapena bermatzeko, baitezpadakoak dira arraberritze lanak. Horregatik, Herri Urratseko etekinak Kanboko kolegioa (Lapurdi) arraberritzeko baliatuko dira, iazkoak eta datorren urtekoak bezala.
Xalbador kolegioa Seaskako bigarren mailako lehen ikastetxea izan zen. Kolegio ibiltaria izan zen hastapenean, egoitzarik ezean. Ene Pentzea etxea sendategia zen, eta, 1984an, Herri Urrats sortu zelarik, etxe hori erosi eta kolegioa egitea deliberatu zen. Ondoko Herri Urratsetako dirua helburu horretarako erabili zuten. Ez zen aski, ordea. Miguel Torrek, Junka familiak eta Seaskako hainbat gurasok haien etxea berme gisa ezarri behar izan zuten, mailegua lortzeko. Etxea erosita, Euskal Herri osoko euskaltzaleak auzolanean aritu izan ziren, Gillermo Etxebarriaren zuzendaritzapean, Ene Pentzea atondu eta ondoko eraikinak egiteko. Orduko egoitza zaharkitua gelditu da, eta ikasgelak, txiki. Martxoan, berrikuntza lanei ekin zieten, eta irailerako, egoitza nagusiko lanak bukatu beharko dituzte.
Lanen aurrekontua 5,5 milioi eurokoa da. Kontseilu Nagusiak 1,5 milioi euro jarriko ditu, eta 1,2 milioi euroko bermea hartuko du. Seaskak eta Ikastolen Elkarteak 1,5 milioi hartuko dute euren gain. Gaineratekoa, Herri Urrats egunean ezustekorik ez badago eta bertze laguntzailerik agertzen ez bada, milioi eta erdi inguru Seaskaren gain geldituko dira.
Ikasleak Xalbador kolegioan egon arren, otsailean hasi ziren arraberritze lanak. Ene Pentzea etxearen ondoan dagoen eraikineko lehen solairuan dago gaur egun Seaskako barnetegia. Kurtsoak gelditu bezain laster, eraikin hori, bederen lehen solairua, hautsi eta egokitu beharko dute iraila baino lehen.
Azken urteotan Seaskak emendatze handia ezagutu du, bereziki lehen mailetan, eta, oro har, 3.000 ikasleren heina gaindituko du heldu den sartzean. Lehen mailetako «iraultza lasai» hori aurki helduko da kolegioetara, eta ordurako egiturak prestatu behar ditu Seaskak. Gaur egun 253 haur ditu Xalbador ikastegiak. Hiru kolegioen artean 600 ikasle dituzte. Xalbadorrek 20-30 ikasle gehiago hartzen ditu urtez urte. Gaur egun, lau urteko 350 haur daude Seaskan eta 130 hamalau urtekoak. Horrek argi erakusten du hamar urtean kolegioko kopuruak hirukoiztuko direla.
Barnetegia Miarritzera
Handitze lanak egin ondoren, barnetegia lekutuko da. Ene Pentzea sobera txiki gelditu da, ez delako tokirik geletan hogei ikasle baino gehiago sartzeko. Beraz, Xalbador eremua bitan zatituko dute. Batean, kolegioa kokatuko da, eta etxe zaharberrituan, Seaska eta Ikastolen Elkarteko egoitzak. Seaskako irakasleen formakuntza zentroa ere egoitza horretan kokatuko litzateke.
Barnetegia, beraz, tokiz aldatu beharko da. Beharrak agindurik, Tarnozen kokatuko da heldu den urtean, lizeo berria egin arte. Lizeo hori Miarritzen eginen da, eta barnetegiaren beharrak izanen ditu oinarri. Eraikuntza eginen dela berretsi beharko dute Herri Urratsen, igandean, Didier Borotra Miarritzeko auzapezak eta Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Akitaniako kontseilariak. Ezustekorik ezean, bertan kokatuko lirateke Seaskaren lizeo orokorra eta lanbide lizeoa ere bai.
Seaskaren beharrak ez dira Xalbador kolegioarekin asetzen. Aurki, laugarren kolegioa egin beharko du Seaskak, Baionan. Xalbadorreko lanetarako maileguaz gain, Ziburuko kolegioa ordaintzeko mailegua ere badu Seaskak. Ikastolei Urruñako ikastola handitu berri diete, Sohütako ikastola bezala.
Ikastola berriak ere egin beharko dira. Hendaian, bigarren ikastola egiteko engaiamendua hartu du herriko etxeak. Ziburun, ikastola bat irekiko dute heldu den sartzean, eta, Azkainen, ikastola handitu. Hiriburun ere, ikastola berria behar da, Angelun eta Miarritzen bezala. Anitzetan, handitze lanak gainditurik daude, Urruñan bezala. Egitura berrien behar gorria du Seaskak.
Itolarrian
«Seaskaren zorpetze gaitasunak sabaia jo du, eta erantzukizuna botere publikoena da orain», dio Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Haur bati ikastolan sartzea ukatzea «frantses izatera» kondenatzea dela dio.
Alta, irakasleak doi-doi lortzen ditu Seaskak, eta ikastola berriak irekitzea baliabideen soka gehiago tinkatzea da. Irakasle berberak, behar gehiagori ihardesteko. «Ikastolak iritsi behar dira haurrak dauden tokietara, eta garaian gurasoak prest baziren egunero berrogei kilometro egiteko haurra ikastolara eramateko eta gaur ez, ba ikastolek egin beharko dute urratsa eta gurasoak dauden tokietara heldu». Frantziako Hezkundeak, baina, ez dizkio irakasle postu gehiago ematen Seaskari, eta gelaka haur gehiago egotea eragiten du horrek.
Urteko xedea, egun bateko harian loturik
Aurten ere bai, Herri Urratseko dirua Kanboko Xalbador kolegioko arraberritze lanak egiteko baliatuko da. Ikastolen garapenak aginte publikoen erantzun iraunkorra behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu