Xabier Azanza. Euskarabideko zuzendari ohia

«Urteotan esperotakoa egin du gobernuak, ez nahi nuena»

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bulegoan harrapatu du BERRIAk Xabier Azanza (Bilbo, 1964), jadaEuskarabideko zuzendari ohi dena. Penaz baina normal hartu du erabakia, eta ohiko lanera itzultzeko prestatzen hasia da.

Jarraitzekotan zinen? Bazenuen asmorik, gogorik eta indarrik?

Gobernua aldatu da, eta kontseilariak Iruñeko Udalean taldekide izandako bat izendatu du. Segitzeko prest nengoen. Handiak ziren zailtasunak, baina pozik nengoen. Kargua hartu nuenetik argi nuen saiatu behar zela, aurrera segitu. Kontseilariaren erabakia izan da. Beti izan dut maleta prest. Gobernuak bere garaian konfiantza eman zidan niri, eta orain, beste bati. Natural hartu behar da.

Bidean geratu dira asmoak?

Sartu nintzenean banekien bidea ez zela batere erraza, baina hartu nuen ardura. Garai hartan, gauza batzuk aipatu ziren: Euskalerria irratia, errotulazioak eta euskara arautzeko beste dekretu bat. Hiru horietan ez dugu aurrera egin. Beste alor batzuetan gauza asko egin ditugu; batzuentzat oso gutxi, eta besteentzat, asko. Ni sartu aurretik, Pedro Pegenaute zen hizkuntz politikako zuzendari. Haren garaia eta gurea guztiz desberdinak izan dira. Gure aldian kritikak egon dira, baina beti egon gara euskaratik oso hurbil, euskalgintzarekin erlazio estua eduki dugu. Aldaketa izan da.

Euskalgintzaren eta gobernuaren artean tenkan ikusi duzu zeure burua?

Kritika gehiago jaso ditugu euskalgintzaren aldetik, normala denez. Euskalgintzak beti gehiago eskatu behar du, eta ongi ulertzen dut. Ahal genuena egin dugu. Hizkuntz politika gobernuak erabakitzen du, ez zuzendariak; gobernuak erabakitako politika gidatu behar du hark. Beti ulertu dugu euskalgintzak gehiago eskatzea; egia da une batzuetan kritikak egon direla, normala denez. Orain bi urtekoa izan zen une gogorrena, hedabideak diru laguntzarik gabe geratu zirenekoa. Azken unera arte borrokatu ginen laguntzei eusteko, baina ez genuen lortu.

Gobernuak zein jarrera izan du?

Gobernuaren zati gara, eta haren babesa beti izan dugu. Guk diru gehiago nahi genuen, baina oraingo egoera ekonomikoan ez da posible nahi den guztia lortzea.

Horrenbestez, ona da balantzea?

Ahal genuen guztia egin dugu. Gauza bat da ahal izatea, eta beste bat da gustatzea. Bagenekien oso konplikatua zela, baina bageneukan asmoa gauza gehiago egiteko. Saiatu gara. Esaterako, ETB oraindik ezin da digitalean ikusi Nafarroan. Gu lehen momentutik saiatu gara hori lortzen. Baina ez dago gure esku, eta azkenean ez dugu lortu.

Helburuak lortzeko bidean diru arazoak soilik izan dira oztopo?

ETBren gaian, adibidez, alde batetik dago Europako gutuna, bestetik zer sinatu duten gobernuak, eta hirugarrenik dago krisia, eta horrekin zaila da aurrekoak betetzea. Baina euskaldunok nahi dugu telebista euskaraz ikusi. Gainera, hori da legeak, Europako gutunak, aitortzen diguna.

Hala ere, pozik zaude egindakoaz?

Urte hauetan guztietan oso pozik egon naiz, nire bizitzako aro oso polit bat izan da. Bukatu da. Ni oso pozik nago egindako lanarekin. Gustatuko zitzaidan aldeko haizea izatea, baina beti ez da posible.

Alde pertsonaletik mindu zaituzte?

Egon dira une batzuk non minduta irten naizen. Borondate ona izan dugu, ausarta izan naiz. Kritika pertsonalak ahaztuta geratuko dira. Asko eskertzen diot euskalgintzari, haiek izan baitira gure akuilua, eguneroko lanarekin asko lagundu baitigute.

Eta gobernuari dagokionez ere izan da minik edo dezepziorik?

Gobernuak egin du nik espero nuena. Agian ez nik nahiko nukeena, baina gobernuak bere lana egin du. Haiek egokia zela pentsatzen zutena egin dute. Argi dago gobernuak zer pentsatzen duen, eta euskalgintzak zer. Bozak gobernuak irabazi zituen. Teorian gobernuak herritarren nahia egiten du, ez euskalgintzarena. Hori da dugun arazoa.

Hurrengoari zer geratu zaio egiteko?

Ni baino askoz lehenagotik dago euskararen munduan, oso ongi ezagutzen du euskarak Nafarroan duen egoera, eta nik ezer esan gabe ere badaki zer egin behar duen, eta ongi egingo du. Gaitasun handia du, eta nik baino asko hobeto egiten du euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.