Euskara

Urtero 80 eta 100 ertzain artean liberatuko dituzte euskara ikasteko

Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko lehen plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Aurrekontua bikoiztu egingo du.

Ertzaintzaren agerraldi bat, artxiboko irudi batean. ALFREDO ALDAI / EFE
mikel p ansa
2014ko uztailaren 16a
15:53
Entzun

Ertzaintzaren "historiako lehenengo Euskararen Erabilera Plana" aurkeztu du gaur Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Ertzaintzako sindikatuei aurkeztu die, zuzenean, horretarako prestatutako bilera batean. 2015ean jarriko dira neurri berriak indarrean, eta 2020 arteko iraupena izango du planak. "Jauzi kualitatiboa" izango dela zehaztu du sailburuak.

Ertzaintza euskalduntzeko aurrekontua bikoiztu egingo da plana abiatzean. Besteak beste, euskara ikasteko liberazioak ugarituko dituzte. Egun, 25 ertzainek hartzen dute liberazio hori urtero; plana indarrean sartzean, urtero 80 eta 100 ertzain artean liberatzen hasiko dira.

"Euskal herritarrei polizia zerbitzu elebiduna emateko erronka" bete nahi du planak, Beltran de Herediaren hitzetan. "Orain dela gutxira arte, eta urte askoz, Ertzaintzaren oinarrizko lehentasuna euskal biztanleen bizitza, eskubideak eta oinarrizko askatasunak zaintzea izan da", zehaztu du sailburuak: "Orain, etorkizuneko Ertzaintzak hurbileko polizia zerbitzua eskaini behar du, euskal gizartearentzat gertuagoa dena".

Gertuko zerbitzu hori emateko, "herritarrak berak nahi duen hizkuntza ofizialean aritzeko gai izan behar du Ertzaintzak", Beltran de Herediak zehaztu duenez.

Planak urrats berri batzuk proposatzen ditu bide horretan. Ertzaintzaren unitate bakoitza sailkatuko dute, herritarrekiko zerbitzua zuzenean zeintzuk ematen duten, eta unitate bakoitzak zein ingurune soziolinguistikotan lan egiten duen kontuan hartuz. Sailkapen hori erabiliko dute zehazteko zein unitatek duten lehentasuna "bertan lan egiten duten ertzainak euskara ikasteko liberatzeko".

Ertzainak trebatzeko eta lana euskaraz egitea errazteko prestakuntza saio zehatzak ere sortuko dituzte. Trebatzaileak, informatika tresnak eta material "egokiak" prestatuko dituzte horretarako.

Gaur egun, 2.653 ertzainek dituzte B2 hizkuntza mailarekin bateragarriak diren agiriak; 171k dute, berriz, C1 mailaren parekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.