atxiloketak

Urtza Alkorta eta Zunbeltz Bedialauneta atxilotu ditu Ertzaintzak, astearteko operazioarekin lotuta

Xeber Uribe, Asier Badiola, Ibon Iparragirre, Jabier Zubizarreta Lejardi eta Jon Iñaki Esnaola inkomunikatuta ditu Ertzaintzak ordutik -ETAren talde bat osatu izana egotzi die-, eta Eloy Velasco epaileak ez du aintzat hartu tortura saihesteko egindako eskaera.

2010eko urtarrilaren 28a
17:36
Entzun
Ertzaintzak beste bi lagun atxilotu ditu gaur, astearteko operazioari segida emanez: Durangon (Bizkaia) Urtza Alkorta Ondarroako (Bizkaia) hautetsi independentista eta Ondarroan Zunbeltz Bedialauneta, 11barri.info webguneak jakinarazi duenez. Bien etxeak miatu ditu, Ondarroan: Akortarena San Juan Txurrun eta Bedialaunetarena herri bereko parte zaharrean.

EAE-ANVtik aurkeztu zen Alkorta 2007ko udal hauteskundeetan, baina Espainiako Justiziak alderdi horretako zerrendak baliogabe utzi zituen. Hala ere, ANVk botoa eskatu zuen, eta gehiego osoa lortu zuen Ondarroan.

Asteartean Xeber Uribe, Asier Badiola, Ibon Iparragirre, Jabier Zubizarreta Lejardi eta Jon Iñaki Esnaola atzeman zituzten, ETAren talde bat osatzen dutelakoan, eta defentsak tortura saihesteko neurriak hartzeko eskatu arren, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak uko egin dio eskaerari, gaur Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) esan duenez.



Besteak beste, atxilotuak uneoro kamera bidez grabatzeko, senideei haiei buruzko informazioa emateko eta konfiantzako medikuaren bisita izateko eskatu zion epaileari defentsa abokatuak.

Atxilotuek inkomunikatuta segitzen dute, Ertzaintzaren esku. Velascok berak agindu zuen operazioa. Ondarroan, Gizaburuagan (Bizkaia), Mutrikun eta Deban (Gipuzkoa) egin zituen Ertzaintzak atxiloketak. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak 2008ko irailaren 21ean ETAk Ondarroako ertzainetxearen kontra bonba-autoz egindako atentatuarekin zerikusia izatea leporatu die, besteak beste.

Iparragirreren senideek esan dute hura zauriturik eraman zutela -buruan eta bekokian ditu kolpeak, haien arabera-. Idazkari judizialak esan zienez, Iparragirre ihes egiten saiatu zen eta horren ondorio dira zauriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.