politika

Uste baino eragile gehiago joango da ezker abertzalearen alderdiaren aurkezpenera

Bilboko asteleheneko ekitaldiaren antolatzaile Lokarrik areto handiagoa hartu behar izan du. Euskalduna jauregian izango da agerraldia —ia 300 laguneko areto batean—, 11:00etan. Alderdiaren ezaugarriak eta estatutuak azalduko dituzte Rufi Etxeberriak eta Iñigo Iruinek.

2011ko otsailaren 4a
16:26
Entzun
Ezker abertzalearen alderdi politiko berriaren aurkezpena ikusmin handia pizten ari da, eta ekitaldiaren antolatzaile Lokarri herritar sareak jakinarazi du espero baino eragile gehiago joango dela. Bilboko Euskalduna jauregian izango da agerraldia, astelehenean, eta antolatzaileek aretoa aldatu egin behar izan dute; A4 aretotik —150 lagun— A3ra —282 lagun—, hain zuzen. Lokarri bera ari da gonbidapenak igortzen. 11:00etan hasiko da ekitaldia.

Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak eta Iñigo Iruin abokatuak emango dute alderdi berriaren ezaugarrien eta estatutuen berri, ordena horretan. Etxeberriak "arrazoi politikoak" azalduko ditu, eta Iruinek, xehetasun juridikoak.

Alderdia erregistratzera handik bi egunera joango dira, asteazkenean, Espainiako Gobernuaren Barne Ministeriora.

Hilaren 19rako, berriz, manifestazioa antolatuko dute egoera politikoarekin kezkatuta dauden hainbat gizarte eragiletako ordezkariek eta zenbait pertsona ezagunek, ezker abertzalea legeztatzeko eskatzeko. Bilbon izango da martxa. BERRIAk jakin duenez, sustatzaileek ahalegin berezia egingo dute euskal gizarteko pentsaera guztietakoek manifestazioarekin bat egin dezaten. Ekimenari buruzko xehetasunak astebete lehenago eman nahi dituzte, agerraldi publiko batean.

"Indarkeria errefusatu" egingo du alderdiak

Rufi Etxeberriak eta Marian Beitialarrangoitiak joan den azaroaren 27an Iruñean emandako prentsaurreko jendetsu batean jakinarazi zuten ezker abertzaleak alderdi politiko berria izateko estatutuak aurkeztuko dituela Barne Ministerioan eta euren erakunde horrek Espainiako Alderdien Legea beteko duela. Hala, besteak beste, "indarkeria erabiltzea edo erabiltzeko mehatxua errefusatu" egingo du alderdiak. Etxeberriak berak 2010eko uztailaren 22an Oarsoaldeko Hitza-ko elkarrizketan garbi hitz egin zuen: "Ezker abertzalean bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua egin dugu. Beraz, bide honek ez du onartzen jardun armaturik".

Alderdi berri horren egitura eta funtzionamendua "demokratikoa" izango da, eta autonomia osoarekin jardungo du, "interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre".

2002ko ekainaren 27an jarri zuten martxan Alderdien Legea, PPk eta PSOEk bultzatuta, eta Gorenak 2003ko martxoan utzi zituen legez kanpo Batasuna, HB eta EH, "ETAren tresna eta ETAkoak" zirela argudiatuta.

Harrezkero, Espainiako Justiziak legez kanpo edo baliorik gabe utzi izan ditu AuB eta herri platafomak 2003an, HZ 2004an, Aukera Guztiak 2005ean, EAE-ANV (herri hautagaitza erdiak eta foruetako ia guztiak) eta ASB 2007an, D3M eta Askatasuna 2009an. 'Salbatu' izan diren bakarrak: EHAK 2005ean eta Iniciativa Internacionalista

—ezker abertzaleak haien aldeko botoa eskatu zuen—. Gorenak 2008an EHAK eta ANV ere legetik at jarri zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.