Hala VIAk nola foru aldundiak nabarmendu dute konpainiak ez diela inolako jakinarazpen ofizialik eman. VIAk, oraingoz, ez du adierazpen publikorik egin nahi. Hala ere, Arabako Merkataritza Ganberak zehaztu duenez, konpainiarekin ahalik eta azkarrena biltzeko asmoa dute. Batzar horretarako eguna, haatik, ez dute oraindik finkatu.
Ryanairrek joan den abuztuaren 9an publiko egin zuen Alacantetik eta Valentziatik hegaldiak indartuko zituela. Komunikatu horietan, azken lerroetan, konpainiak adierazi zuen ibilbide berri horiei tokia egiteko urriaren 25etik aurrera ez zela gehiago ariko Forondatik Londresera eta Dublinera. Harrezkero, zenbait komunikabidetan azaldutakoaren arabera, erabakia errentagarritasun irizpideei jarraituz hartu dutela ziurtatu dute Ryanairreko ordezkariek. Gainera, foru aldundia hauteskundeen aurretik zuzentzen zuen gobernuari jakinarazi ziotela azpimarratu dute.
Krisia mudantza garaian iritsi da foru erakundera. Izan ere, Ramon Rabanera popularraren kabineteak agintea utzi du, eta EAJ, EA eta Aralarren eskuetan geratu da gobernu berria, maiatzeko hauteskundeen ondotik. Kostu apaleko aerolineak, gainera, aurreko eta oraingo agintarien arteko komunikazio faltari egotzi dio hartutako erabakiaren berri ez izatea.
Aldundi berriak Ryanairren jarrera kritikatu du, eta azalpenak eskatuko dizkio. Izan ere, Forondako hegaldien inguruan orain arte «irakurketa triunfalistak» baino ez direla egin uste du. Gainera, airelineak diru publiko ugari jaso duela gogoratu dute. Horren harira, «beharrezkotzat jotzen duen neurri oro» hartuko dituela iragarri du aldundi berriak, Ryanairrek eta aldundiak VIAren bidez sinatu zuten ituna kontuan hartuta.
APUSTU GARRANTZITSUA. Aspaldiko helburua zen Forondara kostu apaleko konpainiaren bat ekartzea. Azken hamabost urteotan bidaiari zirkulazioak etengabe egin zuen behera. 2005ean hondoa jo zuen, 90.000 bidaiari eskasekin. Soilik merkantzien garraioak biziarazten zuen lautadako aerodromoa.
Zapuztutako zenbait negoziazio saioren ondotik, ituna sinatu zuten VIAk eta Ryanairrek, 2005eko abenduan. Bi hegaldi martxan jarriko ziren Forondatik, eta hirugarrenerako aukera aztertuko zen. Trukean, milioi bat euro sakelaratuko zituen Ryanairrek. Akordioaren arabera, Araba eta Gasteizko baliabide turistikoak sustatzeko. Kopuru horretatik 643.512 euro jaso ditu orain arte. Azken ordainketa martxoan egin zen.
Lehen hegaldiak Arabako hiriburua eta Londres-Stansted aireportuak lotu ditu, joan den urteko otsailetik. Arrakasta berehalakoa izan da, eta urte osoan 82.000 bidaiari baino gehiago garraiatu ditu, aireportutik pasa direnen ia erdiak. 172.000 lagunekin, bidaiari kopuru handiena izan du Forondak 1994. urtetik. Joan den urteko abuztuan, berriz, Gasteiz eta Dublin lotuko zituela adierazi zuen Ryanairrek. Urtean 120.000 bidaiari izatea espero zuen bi hegaldiei esker. Aurten konpainiak bere nagusitasuna areagotu du. Uztaila arte 61.900 lagun garraiatu ditu, Forondatik pasa diren pertsonetatik %56,6.
ETSI GABE. Ryanairrek umezurtz utziko du Foronda, eta kostu apaleko ikurraren kokagune egonkor izateko asmoari uko egin beharko dio, oraingoz, Arabak. Hala ere, VIAk ez du etsi nahi, eta, orain arte bezala, bestelako konpainiak erakartzen saiatuko da. Ryanairrek, bitartean, Santanderren ibilbide gehiago jartzeko asmoa aztertzen ari dela aurreratu du.
ZenBaKIa
643.000
Laguntzak. Hiru urtean milioi bat euro eman behar zizkion aldundiak Ryanairri. Oraingoz, 643.000 euro izan dira.
Bidaiariak. Kostu apaleko airelineak 82.000 bidaiari garraiatu zituen iaz, eta aurten, uztaila arte, ia 62.000 izan dira.