Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun iluntzean, Getxon (Bizkaia), adingabe bati sexu ukituak egitea leporatuta. Biktima, 14 urteko neskatoa, beste adingabe batekin zihoan, Bizkaiko Zubitik gertu. Herrizaingo Sailak berri eman duenez, gizona, neskatoarengana gerturatu, eta sexu ukituak egiten hasi zitzaion. Oihuka hasi zen neskatoa, eta, jendea inguratzen hasi zela ikusita, ustezko erasotzaileak ihes egin zuen. Baina handik gertu atzeman zuten. Lekuko batek eman zien gertatutakoaren berri ertzainei.
Santurtzin, berriz, 46 urteko gizon bat atzeman dute udaltzainek, ustez adingabeei genitalak erakusteagatik. Santurtziko Udalak emandako datuen arabera, igandean, 21:50 inguruan,gizona parke batean zeuden neskato batzuengana joan zen zigorra bat eskatzera. Ez zeukatela erantzun zioten adingabeek. Orduan, ustez genitalak erakutsi zizkien gizonak. Neskatoek ihes egin zuten. Gurasoek gertatutakoa salatu, eta udaltzainek atzeman egin zuten.
Ustez adingabe bati sexu abusua egiteagatik, gizon bat atxilotu dute Getxon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu