Ertzaintzak 41 urteko gizonezko bat, M. C. S., atxilotu zuen atzo goizaldean Barakaldon (Bizkaia). Ama zuena -Amelia Sanchez, 65 urtekoa- labankadaz hiltzea egotzi diote. SOS Deiak larrialdi zerbitzuak dei bat jaso zuen 01:00etan. Barakaldoko Arana kaleko etxebizitza batean liskarrean aritu zirela eta emakume bat hilik egon zitekeela adierazi zien dei egin zuenak. Ertzainak eta anbulantzia medikalizatua joan ziren lekura, eta lurrean etzanda atzeman zuten 65 urteko emakumea, gorputzean hainbat labankadak eragindako zauriak zituela. Osasun zerbitzuek hilik zegoela berretzi zuten, ezin izan baitzuten besterik egin. Urtarrilaren 17an Elena Cal hil zuen bikotekide ohiak, Tolosan (Gipuzkoa). Emakumeen aurkako indarkeriagatik aurten hil den bigarrena da, beraz, Amelia Sanchez.
Ertzaintzaren arabera, eztabaidatu egin zuten biek, eta semeak liskarraren erdian eman zizkion labankadak amari. Ustezko hiltzailea ez zen etxean, baina inguruetan atzeman zuten ertzainek. Preso hartu eta polizia etxera eraman zuten. Hildako emakumearen alaba eta senideak geroago iritsi ziren etxera, eta han eman zieten gertatuaren berri.
Zenbait auzotarrek Efe berri agentziari adierazi diotenez, Tenerifetik (Espainia) etorria zen semea. Han bikotekidearekin bizi zen, baina banatu eta amarekin bizi zen orain, Barakaldon. «Kulpa gutxien zuenak pagatu ditu semearen arazoak», adierazi du auzotar batek. Zenbait iturriren arabera, semeak salaketak zituen, bai bikotekide zuenari bai amari eraso egiteagatik. Ertzaintzak ez du baieztatu atxilotuak salaketarik duenik lehendik. Baieztatu du, ordea, joan den otsailaren 3an amari «aerosol batekin» eraso egin ziola semeak, eta atxilotu egin zutela. Gizonak buruko osasuneko arazoak dituela ere adierazi du Herrizaingo Sailak.
Elkarretaratzea plazan
Barakaldoko Herriko Plazan protesta egin zuten, 19:00etan, 200 pertsona inguruk. Udalak egin zuen deialdia, eta Eudelek bat egin zuen. Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak ere elkarretaratzera deitu zituzten herritarrak. Udaleko eta erakunde horietako ordezkariak ere izan ziren protestan.
Barakaldoko Udaleko bozeramaile batzordea -EAJ, EB, PSE-EE eta PPko ordezkariak-, berriz, atzo goizean bildu zen. Hilketa «doilorra» gaitzetsi zuten bozeramaileek aho batez. Onartutako adierazpenean, neurri «zorrotz eta eraginkorrak» eskatu ditu Udalak, eta instituzioei galdegin die prebentzio eta kontzientziatze lanetan sakontzeko. «Balio etikoak, errepresioa eta legea zorrotz ezartzea» eskatu dituzte eledunek, genero indarkeria gainditzeko. Epaiketan Udalak herri akusazio gisa aurkeztu behar duela ere adostu dute.
Erasoari buruz hainbat interpretazio egin dituzte, baina. Udalak «etxe barneko indarkeria» gisa hartu du hilketa. Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak zehaztapena egin du: «Familia barruan emakumeen aurka gertatzen diren indarkeria kasuak genero indarkeriaren espresio dira, emakume izate hutsagatik jasaten dute indarkeria». Emakundek ere azterketa bera egin du. Emakumeen aurkako indarkeria «mehatxu tresna» dela ohartarazi du Emakundek, «indarrean dauden genero arauak alda ez daitezen» erabiltzen dena.
Bestalde, Emakumeen Mundu Martxak ere emakumeen aurkako indarkeria gisa hartu du hilketa, eta biharko protestak antolatu ditu. Emakumeen aurkako indarkeriagatik inor hiltzen ohi denean legez, «betiko leku eta orduetan» egingo dituzte protestak. Ermuan (Bizkaia) bihar egingo dute salaketa. Indarkeria Matxistaren Aurkako Taldeak 19:30ean deitu du elkarretaratzera Orbe plazan.