Baionako Ospitalean ustez pozoinduta hil zen gaixoetako baten sendiak Nicolas Bonnemaison sendagilearen aurkako prozesuan parte zibil izateko eskaera luzatu du. 84 urte zituen gaixoak, eta Valerie Garmendia familiaren abokatuak jakinarazi duenez, zehatz-mehatz zer gertatu zen jakiteko asmoz aurkeztuko dira Bonnemaisonen aurka.
Bonnemaison abuztuan atxilotu zuten, ustez zenbait gaixo pozoinduta hil zituelakoan, gutxienez lau. Atxiloketak eutanasiaren gaineko eztabaida piztu zuen, eta hainbat herritar eta lankidek babesa adierazi zioten Bonnemaisoni. Baldintzapean aske geratu ostean, irailean medikua ez kartzelaratzea erabaki zuen Paueko Epaitegiak.