Ustez lapurtutako haur baten hilobia ireki dute lehen aldiz

Emakume batek orain dela astebete jarri zuen salaketa, eta epaileak frogak bilatzeko baimena eman du

SOS Haur Lapurtuak taldearen protesta, uztailean, Barakaldon. M. RAMIREZ / ARP.
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Bizkaiko SOS Haur Lapurtuak elkarteak jakinarazi duenez, ustez lapurtua izan zen haur baten hilobia ireki zuten atzo Bilbon, epailearen baimena jaso ostean. ADN probak egingo dizkiote, ustezko amarenarekin bat egiten duten ikusteko. Elkarteak adierazi duenez, gai horren inguruan horrelako erabaki bat hartzen duen lehen aldia da. «Behingoz, salaketa serio hartzen dutela ikusi dugu», nabarmendu du Palmi Fernandez Bizkaiko SOS Haur Lapurtuak elkarteko bozeramaileak. Kasua sekretupean dago, epaileren aginduz.

Ustezko amak salaketa jarri zuen iragan astean. 1993an izan zuen haurra, eta gaixotasun arraro baten ondorioz hil egin zela jakinarazi zioten sendagileek orduan. Lurperatzerakoan, baina, emakumeak «trapu berde bat» baino ez zuela ikusi azaldu dute elkarteko kideek. Gainera, beste kontraesan batzuk ere aurkitu zituen hark, hala nola berak mutikoa izan zuela eta erregistroan neskatila zegoela izena emanda.

«Egoera oso gogorra da emakumearentzat, baina ikerketarako aurrerapauso oso garrantzitsua dela uste dugu; alde horretatik, albiste ona da guretzat», esan du Fernandezek. SOS Haur Lapurtuak elkarteak gogorarazi du Bizkaian soilik 170 kide dituela elkarteak, ehun salaketa jarri dituztela auzitegietan, eta beste 50 pertsona inguru ari direla beren kasuak aztertzeko eta salaketa jartzeko beharrezkoak dituzten datuak biltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.