Ustez sexu erasoa egin duen gizon bat kargurik gabe aske utzi dute

Baionako bestetan jarri zuten salaketa; osatu txostenak duda anitz agerian uzten dituela azaldu du epaileak

Bestetan sexu erasoak saihesteko eskatzeko afixak jartzen bi emazte. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Beste bortxaketa salaketa bat pausatua izan zen herenegun, Baionako bestei lotua. Salaketa berri bat da, orain arteko bi salaketei gehitzen dena. Aparte, horietaz gain, beste bat izan zen hasiera batean, baina azkenean emazte gazteak gibelera egin zuen. Orotara, beraz, mementoko, hiru bortxaketa salaketa daude Baionako bestei lotuak, baita sexu eraso bat ere. Sexu erasoaren salaketa atzo bertan jakin zen, ustezko erasotzailearen berehalako epaiketaren karietara. Ustezko erasotzailea, azkenean, aske utzi zuen Baionako epaitegiak, kargurik gabe.

Erasoaren salaketa pausatu duen emazte gazteak 18 urte ditu, eta poliziei adierazi zien erasoa Baionako bestetako astelehen goizeko laurak aldera gertatu zela, geltoki auzoko Santa Katerina karrikan. Eta Poliziak aurkeztu argazkietan ezagutu zuen 54 urteko gizona, jatorriz Ain departamenduko kamioi gidaria, Hiriburura (Lapurdi) etorria bakantzetara, emaztea eta amaginarrebarekin. Atxilotu, eta gau bat preso iragan zuen, atzo auzitegian aurkeztu arte. Atzo, ordea, aske atera zen epaitegitik. Emazte erasoa ez zen agertu auzitegira, eta abokaturik ez zen ordezkatzeko. Poliziari eman zizkion esplikazioak izan zituzten oinarri auzian. Ustezko erasotzaileari buruzko txostenak «duda anitz» agerian uzten zituela aitortu zuen epaileak. Prokuradoreak, berriz, hobendun dela dio: 18 hilabeteko presondegi zigorra eskatu zuen, 12 baldintzapean, eta 3 urteko segipen psikologikoa. Dei egiteko aukera dauka.

Ustezko erasotzailearen egoera psikologikoa izan zen, preseski, dudak sortu zituen elementuetako bat. Baionako erietxeko psikiatrak zuen aztertu akusatua. Haren irudiko, gizona ez da «berehalako lanjer bat». Baina, aldi berean, ezinezkoa ikusi zuen «jakitea ea berriz ere erasotzeko» gai den. Psikiatrak gehitu zuen azterketa barnatuago batek pertsonalitatearen ilunguneak argira ekar litzakeela. Baina akusatuaren abokatuak azaldu zuen azterketa barnatuagorik ez zela egin. Inkestaren gabeziak azpimarratu zituen behin eta berriz, hain zuzen, hainbat puntutan. Adibidez, ez zen egina izan DNA azterketarik. Gainera, hirian gaindi hainbat kamera jarrita daudela eta tartean delako geltoki haren inguruan, kamera horiek ez ote duten zerbait filmatu galdera pausatu zuen. Izan ere, akusatuak zioen geltokiko auzora ez zela nehoiz joan, eta 02:45erako sartua zela. Badago baita lekukotasun eskas bat. Erasoa gertatzen ari zen mementoan, erasoa izan duen emaztearen lekukotasunaren arabera, emazte bat hurbildu zitzaien, eta horri esker erasotzaileak ihes egin zuen. Pertsona horrek zuen lagundu neska salaketa pausatzera, baina haren lekukotasuna ez zen bildua izan. Akusatzailearen bertsioaren aldaketak ere argumentu gisa erabili zituen abokatuak, baita haren mozkorra ere. Akusatuaren bertsioak ere nahasiak izan ziren. Hasiera batean aitortu zuen erasoa, eta atzo, berriz, dena ukatu zuen. Aitortza polizien eraginpean zela erran zuen, aitortzen bazuen aske utziko zutela ziotelakoan. Akusatuaren abokatuak ez zuen dudan jarri emaztea biktima bat izatea, baina akusatua ez zela hobenduna zioen. Salatu zuena zen lasterregi egin nahi izan zela inkesta, hobendun bat lortzeko «komunikabideetako titularrak egiteko». Akusatua orain arte nehoiz ez dela kondenatua izan eta bere burua polizia etxera aurkeztu zuela gaineratu zuen.

Prokuradorearen irudiko, arriskuak badaude beste eraso baterako. Erasoa aitzin gau berean gertatua zuen argumentu. Akusatua Poliziak harrapatu zuen pixa egiten ari ziren emazteak begiztatzen. Poliziak paperak eskatu, eta argazkitan hartu zuen. Argazki horretan zuen ezagutu akusatzaileak. Zehaztekoa da Baionako bestetan ez dagoela kasik komunik emazteentzat. Ostatukoak zerratuak dira, eta ez da beste sistema eraginkorrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.