Ustezko hiru etakide atxilotu ditu Poliziak Frantzia hego-ekialdean

Juan Cruz Maiza Artola, Iker Iparragirre Galarraga eta Galder Bihotz Cornago Rodezen atxilotu dituzte

ENEKO BIDEGAIN
2007ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak ETAko ustezko hiru kide atxilotu zituen atzo goizean, Rodezen (Aveyron), Frantzia hego-ekialdean. Atxilotuetariko bat ETAren azpiegitura aparatuko arduraduna dela jakinarazi zuten polizia iturriek. Juan Cruz Maiza Artolari egozten diote ardura hori. Iker Iparragirre Galarraga eta Galder Bihotz Cornagorekin batera atxilotu zuten, ustezko hiru etakideek Rodezen zeukaten apartamenduan. Apartamendu hori duela gutxi alokatu zuten. Jendarme baten emaztearena da.

Gela bakarreko estudio batean zeuden hiru ustezko etakideak. Poliziak apartamendua zaintzapean zeukan uztaila hasieratik hona, eta polizia iturrien arabera, hiru atxilotuak zakuak soinean ihes egitekotan zeuden, atxilotu zituzten unean. Iparragirre eta Cornago atxilotu zituzten lehenik, beren autoan, apartamendutik atera ondoan. Ondotik Maiza Artola atxilotu zuten, apartamenduan. Polizia iturrien arabera, lehen bi atxilotuak etxetik zakuekin ateratzen ari zirela ikustean erabaki zuten operazioa hastea.

Atzo, etxea miatzen aritu zen polizia. Halaber, haien autoa ere miatu zuten. Frantziako Azpizuzendaritza Antiterroristak (SDAT), Tolosako (Frantzia) Polizia Judizialaren Eskualde Sekzioak (SRPJ) eta Espainiako Informazio Komisaria Nagusiak elkarrekin burutu zuten operazioa.

Juan Cruz Maiza Artolak 56 urte ditu. Etxarri-Aranazkoa da (Nafarroa). ETAko azpiegitura taldeko arduradun izatea leporatzen diote. Halaber, ETAren su-eten garaian Espainiako Gobernuarekin ETAren izenean negoziatu zuen kideetariko bat delako solasa ere zabaldu zen. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak ETArentzako «galtze handi» gisa aurkeztu zuen atzoko atxiloketa. «Denek uler dezakete azpiegitura aparatuko buruzagia galtzen duen erakunde batek galtze handi bat jasaten duela. Horregatik, erran nahi nuke garrantzia handiko operazioa dela».

2005ean epaitu zuen Frantziako justiziak Juan Cruz Maiza Artola, ihesean zegoela. Bederatzi urteko kartzelara kondenatu zuen, erreserbako komandoen buruzagi izatea leporatuz. ETAko azpiegitura taldeko arduradun izatea ere leporatzen zioten auzi hartan.

Iker Iparragirre Galarraga Azpeitian (Gipuzkoa) sortu zen, duela 29 urte. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak gehien bilatzen zituzten ustezko etakideen zerrendan zegoen. 2005ean ihes egin zuen, ETAren «kaptazio aparatuaren» kontrako atxiloketa andana gertatu zen garaian. Galder Bihotz Cornago donostiarra da. Frantziako Poliziak bilatzen zuen.

Atzoko polizia operazioak aurrera jarraitzen zuela erran zuten atzo, polizia iturriek. Ondoko orenetan atxiloketa gehiago gertatzea ez zuten baztertu. Datozen orenetan eramanen dituzte Parisera, hiru atxilotuak, epailaren aitzinean deklaratzera.



23 ATXILOKETA, EKAINETIK. ETAk su-etena hausten zuela iragarri zuenetik, orotara 23 lagun atxilotu dituzte. Horietako 18ri ETArekin lotura izatea leporatzen diete. Atxiloketa gehienak -- hamaika -- Frantzian gertatu dira. Euskal Herrian zazpi lagun atxilotu dituzte, horietatik hiru Donibane Garazin (Baxenabarre) atxilotu zituzten uztailaren 3an, lehergailuz betetako furgoneta bat zeramatela. Espainian beste lagun bat atxilotu zuten, Santanderren, eta Kanadan, Quebecen eta Mexicon beste bana atxilotu zuten.

Gaierako bostak Araban atxilotu zituzten, kale indarkeriarekin lotuta. Haietako lau uztailaren 10ean hartu zituzten atxilo; espetxean daude hiru eta libre utzi zuten bat. Atzo atxilotu zuten bosgarrena.

Askatasunak gogor gaitzetsi zituen atzoko atxiloketa horiek eta goizean Gasteizen gertatutakoa. Atxiloketa horien helburua «inposaketa politikoa mantentzea» dela dio Askatasunak. «Euskal Herriaren hitza, erabakia eta izateko eskubidea ukatzen duen gezurrezko demokraziaren inposizioa» dela zehaztu du. «Errepresioak ez du gatazka inoiz konponduko. Soilik gerrarako hautu politiko batean uler daiteke».

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deiturik, manifestazioa egin zuten atzo ilunabarrean Azpeitiko karriketan, 30 urte demokraziarik gabe. Aski da! Atxilotuak askatu! lelopean. Lelo berarekin, beste elkarretaratze bat izan zen atzo, Donostiako Gros auzoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.