Hainbat herritan egingo dute herri galdeketa aurten: Goierriko 22 herritan, Azpeitian (Gipuzkoa), Ispasterren, Diman (Bizkaia) eta Bakaikun (Nafarroa). Horrez gain, “Erabakiaren Hiriburu” bihurtu nahi dute Bilbo Handia ekainean. Zerrenda horretara gehitu da orain Usurbil (Gipuzkoa). “2018 bitartean ahalik eta herri gehienetan herri galdeketak antolatu eta gauzatzea da Gure Esku Dago-ren asmoa. Usurbilgo taldeak galdeketa antolatzeko asmoa dugu, baina horretarako 2016an azken bultzada eman nahi diogu gizarteratze prozesuari, eta orain arte hurbildu ez zaigun jendearengana iritsi nahi dugu”. Dena den, Usurbilgo taldeak ez du zehaztu zein egunetan egingo duten galdeketa.
Oraingoz Gure Esku Dago-k iragarritako galdeketa gehienak ekainean izango dira. Hilaren 12an egingo dute Azpeitian, eta astebete geroago egingo dute Goierrin, Bakaikun eta Diman. Ispastergo eguna zehazteko dago.
Lehenengo galdeketa 2014ko apirilean egin zuten, Etxarri-Aranatzen (Nafarroa).