Asteko ministro kontseilua izan du Espainiako Gobernuak, eta Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa) egindako eskari bat mahai gainean eduki du: erraustegiari buruz galdeketa egiteko asmoa. 1.185 herritarren sinadurarekin eskatu zuten galdeketa. Udalak ontzat jo zuen eskari hori; EH Bilduk alde bozkatu zuen, eta EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo zuten. Hau zuten galdetzekoa: “Usurbilgo hondakinak tratatzeko, erraustea egoki iruditzen al zaizu?”.
Ezezkoa iritsi da Madrildik, ordea. Gobernuak aitortu du hondakinena udalerrien eskumena dela, baina ohartarazi du Usurbilen kasuan eskumen hori Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren esku utzia dagoela. “Galdeketaren helburua udalerrien eskumeneko gai bati buruzkoa da, herritarrentzat garrantzia duen gai bati buruzkoa, baina ez du udalerri izaera”.
Gobernuaren arabera, izan ere, nahiz eta hondakinena udalerrien eskumena izan, Gipuzkoan Hondakinen Partzuergoa arduratzen da gai horri buruz 2007tik. Horregatik dio Usurbilgo Udalak ezin duela galdeketa egin hondakinen tratamenduari buruz. “Kontsultara eraman nahi den galderak gainditu egiten du udalerriaren esparrua”.