Jesus Mari Errekondok, Koldo Lizasok eta Arantxa Manterolak, FernandoGrande Marlaskaren aurrean deklaratu dute gaur. Usurbilgo (Gipuzkoa) Aitzaga elkarteko arduradun izateagatik, “kolaboratzaile” gisa inputatu dituzte hirurak, Batasunaren jarduerak bi urtez etenda mantentzeko urtarrilaren 17an Espainiako Auzitegi Nazionalak kaleratutako autoan oinarrituta.
Auto horrek zioenez, Batasunari ekimenak egiteko laguntza ematen zioten erakundeei ere eragiten zien erabakiak. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zien Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Ertzaintzari. Horren harira bidali du Guardia Zibilak txostena, Auzitegi Nazionalera.
Fernando Grande Marlaskaren aurrera deklaratzera joan diren hiruei “talde armatuari laguntza ematea” leporatu diete. Dena den, ez dute Aitzaga elkarteko hiru kideen aurkako neurririk eskatu; bai, ordea, elkartearen aurkakoa. Fiskalak elkartea bi urtez ixteko eskaera egin du eta akusazio partikularrak, berriz, bost urtez ixtekoa. "Fiskalak bi urtez egoitza ixtea eskatu du, akusazio partikularrak bost urtetarako itxiera baina ez dago inputaziorik gaur deklaratu dutenentzat", azaldu du Jone Goirizelaia euren abokatuak. Erabakiaren berri emango duen autoa bihar kaleratzea espero da.
Legez kanporatzea
Usurbilgo Aitzaga elkartea bi urtez ixteko eskatu du fiskalak BEC-eko ekitaldia prestatzeko bertan bildu zirelakoan
Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionalera urtarrilaren 30ean bidalitako txostenaren arabera, Usurbilgo (Gipuzkoa) Aitzaga elkartean BEC-eko ekitaldia prestatzeko bilera egin zuten. Gaur, Aitzaga elkarteko presidenteak, idazkariak eta diruzainak Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu dute. Dena den, ez dute haien aurkako neurririk eskatu. Fiskalak elkartea bi urtez ixteko eskaria egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu