Usurbilgo (Gipuzkoa) ezker abertzaleak, Aralarrek eta EAJk hiri hondakinak jasotzeko atez ateko sistemaren aldeko agiria sinatu dute gaur. "Denon osasuna zaindu nahi dugu eta ingurumena ahal den gehien errespetatu" ahal izateko onena bilketa modu hori dela iruditzen zaie.
Usurbilen iaz martxoaren 16an hasi ziren sistema horrekin eta Udala gustura dago izandako emaitzekin. "Jabetu gara ohitura aldaketa sinple batek nolako eragina izan duen geure bizitzan". Kasu, 2009ko apirilean emandako datuaren arabera, zaborren %28,42 birziklatzetik %76,08 birziklatzera igaro ziren lau astean. Hala ere, otsailaren 27-28an galdeketa egingo du Udalak herritarren artean. Hamaikabat alderdiak atez ateko bilketaren sistema "inposatutakoa" izan dela salatu izan du.
Honako hau izango da galdera kontsultan: Zein bilketa sistema nahi duzu Usurbilerako? Hiru erantzun izango dituzte aukeran herritarrek: atez ate; orain arteko edukiontzien sistema (4 edukiontzi); edo orain arteko edukiontzien sistema + 5. edukiontzia organikoarentzat.
Xabier Mikel Errekondo alkateak sinatu du agiria ezker abertzalearen izenean, Lontxo Zubiriak Aralarren izenean eta Iñaki Illarramendik EAJren ordezkari gisa.
gizartea
Usurbilgo ezker abertzalea, Aralar eta EAJ atez ateko bilketaren alde azaldu dira
Hiri hondakinak jasotzeko sistema horren aldeko agiria sinatu dute gaur, elkarrekin egindako agerraldian. Hilaren 27-28an galdeketa egingo du Udalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu