Maria Servini Argentinako epaileak Jose Utrera Molina eta frankismo garaiko hainbat agintari atxilotzeko agindua eman ondoren, frankismoan ministro izandakoak salatu du "itzaletik gidatutako ekinbide politiko bat" dela, Espainian auzibidea "amaierara arte" eraman ezin zutenek gidatutakoa, hain zuzen. Haren arabera, auzibide horrek ez luke "lege oinarririk" izango. Ohar bat kaleratu du, Francisco Franco Fundazioaren webgunean.
Utrera Molinak dio ez dela "delitu" ministro gisa egindako jarduna eta horri dagozkion erantzukizunak bete izana, "ez Espainian, ez Argentinan ezta beste legedi juridiko batean ere". Haren aurkako inputazioa "ohorearen kontrako atentatua" dela dio, eta ez du baztertu auzitara jotzea.
1973an Etxebizitza ministro zen, eta Salvador Puig Antichen heriotzaren erantzule izatea leporatzen diote.