Utzita zeuden ETAren hiru zulo topatu dituzte

Fusilak, munizioa eta dirua zeuden Baigorriko zuloetan, baina ETAk aspaldian ez zituela erabiltzen dio Poliziak

Erredakzioa
Baiona
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak jakinarazi duenez, ETArenak izan daitezkeen hiru zulo atzeman dituzte Baigorrin (Nafarroa Beherea). Zuloak, baina, aspaldikoak dira. «Utzita» zeudela dio Poliziak, eta uste du ETAk ez zituela aspaldian erabiltzen. Horietan, fusilak, munizioa eta 20.000 dolar topatu dituztela zabaldu dute polizia iturriek.

Frantziako Poliziak Guardia Zibilaren laguntza izan du aurkikuntza egiteko. Zehazki, iturri horiek diote Guardia Zibilak emandako informazioaren arabera topatu dituela zuloak Frantziako Poliziak. Horien arabera, ETAren zuzendaritzaren aurka azkenaldian egindako polizia operazioetan atzemandako informazioari esker topatu dituzte biltegiak. Laurence le Vert epaileak hartu du operazioaren ardura.

Aurten ETArenak izan daitezkeen beste hainbat zuloren berri eman dute. Urtarrilean, Frantziako Poliziak bi zulo atzeman zituen Tolosan eta Dramelayn (Frantzia), eta joan den apirilean Guardia Zibilak beste hainbat topatu zituen Legorretan eta Zegaman (Gipuzkoa) eta Azpirozen eta Baraibarren (Nafarroa).

Zapatero, pozik

Frantziako Poliziaren eta Guardia Zibilaren arteko elkarlanaren emaitzak onak direla nabarmendu zuen atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, zuloen aurkikuntzaren berri izan zuenean. Haren arabera, aurkikuntza horrek erakusten du Espainiako Barne Ministerioak «terrorismoaren aurka» daraman politikak «oso emaitza onak» ematen dituela. Moncloan mintzatu zen Zapatero, Europako Kontseiluko presidente Herman Van Romouy alboan zuela.

Polizia operazioarekin pozik azaldu zen Zapatero, eta Guardia Zibila eta Frantziako Polizia zoriondu zituen. ETAren jarduerari buruz galdetuta, Espainiako gobernuburuak esan zuen ez duela uste ETAk aurki agiririk kaleratuko duenik. Erakunde armatuak bere desagerpena iragartzeko agiria baino ez duela espero gaineratu zuen. Nolanahi ere, hori gertatu arte «terrorismoaren aurkako politikari» eutsi egingo diotela etapolitika horrek emaitzak ematen segituko duela nabarmendu zuen. «ETAren gaitasuna murrizten jarraitzea da bide egokiena», Zapateroren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.