Uxotegi hustu duten arren, auzian aurrera egin asmo du jabeak

Ertzaintzak itxi egin du Donostian okupatutako eraikina, goizean goiz sartuta; husteko unean, inor ez zegoen barruan

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Uxotegi, Donostiako Parte Zaharreko gaztetxe izan dena, itxi egin zuen atzo goizean Ertzaintzak, epailearen aginduz. Irailean hartu zuten hainbat gaztek; atzo, ordea, poliziak joan zirenean ez zegoen inor eraikinaren barruan, eta ez zuten inor atxilotu. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Eraikineko atean horma bat eraiki dute, inor sar ez dadin. Nolanahi ere, jabeak auzitegietan segitzeko asmoa du: abokatuak aitortu du jada ez direla egiten ari usurpazio deliturik, baina, eraikinean kalteak egin dituztelakoan, erantzukizunak eskatuko dituela adierazi du.

Goizean joan ziren ertzainak Uxotegi ingurura, 07:20an. Herrizaingo Sailak esan du miatu zutela eraikina eta inor ez zutela aurkitu barruan. Horma bat egin zuten gero, inor ez sartzeko. Jabearen abokatuak, Patxi Lobatok, honela azaldu du: «Eraikina hustu soilik ez dugu egin. Ezin dira sartu berriro; hala egingo balute, zuzenean egingo lukete desobedientzia delitua». Donostiako Auzitegiak agindu du eraikina husteko, jabeak kereila bat jarri duelako.

Uxotegi gaztetxearen aferak bi bide ditu zabalik auzitegietan. Alde zibiletik, auzi eske jo zuen epailearengana, eraikina hutsarazteko agindu zezan. Bide penalera ere jo zuen, ordea, eta handik etorri dira erabakiak: hark agindu du Uxotegi husteko, eta okupazioarekin ustez zerikusia izan zuten hainbat pertsona deitu ditu deklaratzera; inputatu egin ditu haietako batzuk. Etxea «nahi ordurako» ez dutela hustu esan du Lobato abokatuak, jabearen ordezkariak —Madrilen bizi da hura, eta 104 urte dauzka—.

Alkateari kontu eske

Abokatuak arrazoi politikoak ikusi ditu auzitegiek erabakia «lehenago» ez hartzearen atzean: «Politikariren batek zerikusirik izan ez balu, azkarrago egingo zen». Harrabots politikoa eragin du gaztetxearen aferak, epaileak deklaratzera deitutakoen artean baitago Josetxo Ibazeta, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren idazkaria. Donostiako Udalak ikerketa batzorde bat sortzea erabaki zuen, PPren, PSE-EEren eta EAJren erabakiz, erantzukizun politikorik izan ote zen argitzeko.

Ixtearen berri izanda, alkatearen aurka egin dute PSEk eta PPk. Ernesto Gasco zinegotziak (PSE) dio «legez kanpoko egoera bat» babestu duela Izagirrek eta «ohar bat» egin diola epaileak; PPk ere legez kanpokotzat jo du okupazioa, eta kontuak eskatu ditu. EAJk «normaltzat» jo du hustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.