Bakegintzaren alde ezer ez egitea egotzi dio EAJko diputatu Aitor Estebanek Espainiako presidente Mariano Rajoyri gaur Kongresuan, Espainiaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren egunean. Iñigo Urkulluk eginiko proposamenei entzungor egitea leporatu dio, eta mahai gainean bi arazo handi dituela ere gogorarazi dio: "Kataluniakoa eta Euskadikoa".
Estebanen arabera, "bigarren trantsizioa" eman behar da bi herrialdeetan, eta euskal gizartearen erabakia errespetatu behar dela gaineratu du: "Euskal Nazioan sinesten dugu, eta bere borondatea ez dago bertako ez den inoren menera".
Halaber, ETAren armagabetzea ahalbidetzeko, presoak etxetik gertuago egongo liratekeen beste espetxe politika bati bide emateko eta salbuespen judizialei amaiera emateko eskatu dio.
PPren gobernuaren murrizketak ere kritikatu ditu Estebanek, eta kargu hartu dio Rajoyri ustelkeriaren kontra "etxeko lanak" egiteko dituelako.
UPNeko diputatu Carlos Salvadorrek aldiz, PPk eginiko lana goraipatu du krisi garaian. Bestetik, nabarmendu du Nafarroan "erredikalismoak" eta "sezesionismoak" gora egin dutela. Horren aurrean, Espainiako egungo antolaketa politikoa defendatzen jarraituko dutela adierazi du.
Borondaterik ez
Gogorrago hitz egin du Amaiurreko diputatu Sabino Cuadrak, eta bake prozesua "leherrarazi" nahi izatea leporatu dio Espainiako gobernuburuari: "Indarkeria politiko mota bakarra dago egun Euskal Herrian: legez kanporatzeen, torturen, atxiloketen eta salbuespenezko auzitegien indarkeria".
Hala, aurrera egiteko bide bakarra dagoela nabarmendu du Cuadrak, elkarrizketarena eta bi aldeetan izandako indarkeria aitortzearena. "Iragana utzi eta etorkizunera begiratzeko garaia da, gertatutakoa gehiago errepika ez dadin".
Horretaz gain, bigarren trantsizio aldiaren beharraz ere hitz egin du Amaiurreko diputatuak, eta salatu egungo gobernuak aurreko erregimenari lotuta jarraitzen duela: "Francok ezarritako monarkia dugu, sindikatuen askatasunak ukatuz aberastu zirenen oinordeko den Ibex-35a eta hura guztia ontzat eman zuen eliz hierarkia".
Barkos, euskaraz
Uxue Barkos Geroa Baiko diputatua euskaraz mintzatu da Kongresuan, eta kargu hartu dio Celia Villalobos ganberako presidenteordeak.
Barkosek kritikatu egin du Rajoyk Espainiako batasunaz esatea ez duela onartuko berori zalantzan jartzea: "Hori ez du ez Rajoyk ez abertzaleek erabakiko; Espainiako batasunaz herritarrek erabakiko dute demokratikoki".
Bestalde, nabarmendu du oraindik krisia egon badagoela eta langabeziak gora egin duela. PPren gobernuaren murrizketa politikak kritikatu ditu, halaber.
Nafarroa kezkagai
Erantzunen txandan, Mariano Rajoy bat etorri da UPNko diputatuarekin, eta oharra egin du: Nafarroari ez zaiola komeni "sen onaren kontrako operaziorik". Esan du datozen hilabeteetan Nafarroan asko dagoela jokoan, argi adierazi ez badu ere, Podemos eta EH BIlduren arteko balizko akordioei buruz.
Rajoyk iragarri du ez duela euskal presoen sakabanaketa politika aldatuko. "Ez dut arrazoirik ikusten horretarako". Rajoyren arabera, ETA desegiten ez den bitartean bere horretan jarraituko du sakabanaketak.
Haren esanetan, ETA bukatzeko modurik onena ETAk berak desegin egingo dela eta "erakunde terrorista izateari utziko diola" esaten duenean helduko da.