hauteskundeak

Uxue Barkos izango da berriro Iruñeko alkategaia NaBaitik

Bart hartu dute erabakia Aralar, EAJ eta independenteek.

2011ko otsailaren 12a
16:13
Entzun
2007an bezala, Uxue Barkos izango da Nafarroa Bai koalizioaren alkategaia Iruñean maiatzaren 22ko hauteskundeetan. Bart hartu du erabakia NaBaik, independenteek Aralarren eta EAJren proposamena onartuta. Hiru eragileek osatzen dute koalizioa aurten.

Duela lau urte EA eta Batzarre ere baziren NaBain. Batzarreren kasuan, berak utzi du koalizioa -IUNrekin joango da bozetan-, eta EAren kasuan, hau gabe ari dira osatzen hauteskunde zerrendak Aralar-eta, desadostasunak medio. 2007an EAri egokitu zitzaion Iruñeko alkategaia izendatzea; Barkos hautatu zuen, hau independente bezala zegoen arren.

2008tik Espainiako diputatua ere bada Barkos, eta iragarri du 2012ko hauteskundeetan ez dela aurkeztuko.

Bigarren zerrenda bozkatuena izan zen NaBai Iruñean duela lau urte: zortzi zinegotzi. UPNk hamabi lortu zituen, PSNk lau eta ANVk bi. Yolanda Barcina UPNko presidentea da alkatea -1999tik da auzapeza-.

Nafarroako Gobernurako lehendakarigaia NaBaitik Patxi Zabaleta (Aralar) izango da, duela aste batzuetatik jakina den bezala. Hirugarren zerrendaburua independenteek aukeratuko dute, koalizioaren atzoko batzarrean erabaki zutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.