'Egin' auzia

Uztailaren 15ean 'Egin' -en itxiera bertan behera uzteko exijitu dute egunkari hartako arduradunek

Lau egun barru, uztailaren 15ean, bost urte beteko dira 'Egin' egunkaria itxi zutenetik, eta, harrezkero, kazeta hartako egoitza eta ondasunak zarratuta eta bahituta daude "badaezpadako" neurri gisa. Espainiako Zigor Kodeko 129. artikuluaren arabera agindu zuen Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak badaezpadako ixte hori, eta artikulu berari jaramon eginez, derrigorrezkoa da bost urteko epea amaitzean neurria bertan behera geratzea. Egun horretan 'Egin'-en egoitzak eta ondasunak beren esku geratu behar direla exijitu dute kazeta hartako arduradun eta ordezkari legalek.

2003ko uztailaren 11
16:59
Entzun
Itxiera gauzatu zenetik bost urte betetzear diren honetan, prentsaurrekoa eman dute 'Egin' kasuko abokatuek eta garai hartan egunkariaren arduradun izateagatik auzipetuta daudenek —guztira 17 dira auzipetuak eta hamarrek parte hartu dute gaurko agerraldian, haien artean Jabier Salutregi zuzendariak eta Teresa Toda zuzendariordeak—.

Auziak korapilo asko dituen arren, puntu bat azpimarratu nahi izan dute: Garzon epaileak 'Egin' ixteko erabili zuen Espainiako Zigor Kodeko 129. artikuluak agintzen duela bost urteko epea amaitzen denean badaezpadako neurriak bertan behera geratu behar duela.Jose Mari Elosua, Iñigo Iruin eta Alvaro Reizabal kasuko abokatuen arabera, Zigor Kodeari atxikita, egoitzak eta ondasunak 'Egin'-eko arduradunen edo haien ordezkari legalen esku geratu behar dute, "derrigorrez, lege aginduz".

Hala gertatuko dela bermatzeko, idatziko eskaera bat aurkeztu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko hirugarren aretoan, eta exijentzia horixe plazaratu dute jendaurrean. Dena den, Espainiako Justizia sisteman konfiantza gutxi azaldu dute kasuko abokatu zein 'Egin'-eko arduradunek, eta edozer gerta daitekeela iritzi diote.

"Euskal Herriaren eraiste nazionala"

Jabier Salutregi 'Egin'-eko zuzendariaren iduriko, 'Egin'-en itxierak, `Gara'-ren aurkako neurriek eta beste hainbat operaziok "Euskal Herriaren eraiste nazionala" dute helburu. Azken batean, Espainiako Gobernuaren Euskal Herriaren kontrako estrategiaren katebegiak direla esan du Salutregik. Horren guztiaren aurrean, "euste horma" bat eratzeko deia egin dio euskal gizarteari: "funtsezkoa da erantzun nazional bat ematea", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.