Nahiz eta oheak ez diren datorren urtera arte prest egongo, Bizkaiak ohedun ospitale berria izango du datorren astetik aurrera: Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea —Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuan Osasun sailburu izan zen Alfredo Espinosa—. Duela 32 urte inauguratu zuten azkena, Galdakao-Usansolo ospitalea. "Espero dagigun hurrengoa irekitzeko horrenbeste denbora igaro behar ez izatea", adierazi du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Gaur goizean eman ditu Uribe eskualdeko 175.000 herritarri zerbitzua emango dien Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalearen xehetasunak.
Iñigo Urkullu lehendakariak etzi inauguratuko duen arren, uztailaren 7an, 08:00etan irekiko ditu ateak herritarrentzat. "Egun horretan kontsulta dutenek badakite non eta zein ordutan izango den", esan du Darponek. Kanpoko kontsultak izango dira, zerbitzu horrekin hasiko baita martxan. Proba funtzionalak eta erradiodiagnostikoa ere egingo dute datorren astetik aurrera.
Apurka-apurka hartuko du lekukoa azpiegitura berriak. Bigarren seihilekoan jarriko dira martxan kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza gelak, digestio endoskopiak egiteko gelak, eguneko ospitale kirurgikoa, analisi klinikoetarako laborategia eta helduen zein haurren larrialdi zerbitzua. Datorren urtean, berriz, abian jarriko dira mediku eta kirurgia ospitaleratze zerbitzuak, ospitaleratze psikiatrikoak, kirurgia blokea, erreanimazio unitatea eta etxez etxeko ospitaleratzea. Mediku onkologia eta eguneko mediku ospitalea beste guztia martxan dagoela hasiko dira zerbitzua ematen.
Azpiegitura berriak 38.000 metro koadro ditu, zortzi solairu eta hiru eraikinetan banatuta. Osakidetzako 600 profesionalek baino gehiagok egingo dute ospitalean behar. Horietatik 425 lanpostu berriak izango dira. Orain arte 59,4 milioi euroko inbertsioa egin du Osakidetzak. Eta, sailburuaren arabera, aurrerantzean ospitalearen funtzionamenduak 45 milioi euroko kostua izango du, urteko. Darpon haserre agertu da osasun arloko sindikatuek azken asteetan egin dituzten salaketekin. Ukatu egin du Urdulizko ospitalearen pribatizazioa. Garbiketa, araztegi zerbitzua eta sukaldea azpikontratatuko direla aitortu du, "Osakidetzako beste hamar ospitaleetan egiten den erara". Bere esanetan, ospitale berria "%100 Osakidetza eredukoa" izango da.