Gizartea

Uztaritzeko polizia etxera eraman dute 5 urteko haur bat

Gurasoek eskolako kantina ez zutela ordaintzen, eta udaltzainek eskolatik atera eta eraman egin zuten haurra, atzo. Dominique Lesbats auzapezak hartu zuen erabakia.

Berria.info
2013ko urtarrilaren 10a
21:05
Entzun

Uztaritzeko udaltzainek 5 urteko neska bat eskolatik atera eta udaltzaingora eraman dute, argudiaturik bere gurasoek ez dutela eskolako kantina ordaintzen. Joan den asteartean gertatu zen, Uztaritzeko Saint Vincent eskola pribatuan, Lapurdin. Bi udaltzain joan ziren eskolara, uniformez jantzita, haurra bazkaltzen ari zelarik gainerateko  haurrekin. Polizia ikustean, bere gurasoak hil zirela pentsatu zuen haurrak, zeinbait iturriren arabera. Gainerateko haurrek, aldiz, neska preso sartuko zutela pentsatu bide zuten. Iskanbila eragin du gertaerak Uztaritzen.

Lea izena du haurrak. Gurasoak banaturik daude, eta alaba amaren etxean bizi da. Bi udaltzainek haurra hartu zuten lehenik, eta amaren etxera eraman zuten, baina hura ez atzematean etxean, haurra udaltzaingora eramatea deliberatu zuten. Gurasoek ez zuten hilabeteetan ordaindu kantina. Horregatik, bertan bazkaltzea eragoztea deliberatu zuen Uztaritzeko auzapez Dominique Lesbatsek.

Gertakari horri buruzko azalpenen beha dagoela dio Laurent Laudain haurraren aitak: «Ez dakit nola heldu garen puntu honetara, ez dakit nola bihur daitekeen erabaki administratibo bat polizia etxera eramateko agindu. 5 urteko  haur batek ezin du deus ulertu».

Herriko Kontseiluren erabakia azaldu nahi izan du Michel Dupeyrou axurantak. Aditzera eman duenez, 2011n hasi ziren ordainketa arazoak, eta hainbat aldiz saiatu dira «arazoa» konpontzen. «Ordaintzeko zeuden fakturak helarazi dizkiogu hainbatetan, aitari zein amari, haiekin bildu gara, eta asteartean berean eskatu genion amari 11:30ean joateko eskolara, haurraren bila. Ez zen agertu».

Gurasoak ez zirela ordurako agertzen ikusirik, eskolako arduradunak gainerateko haurrekin eraman zuen Lea kantinara, baina hango arduradunak ez zion utzi gainerateko haurrekin bazkaltzen. Arduradunak udaltzaingoari dei egin zion, haurraren kargu egiteko. Ogitarteko bat eman zioten haurrari, bertzeak bazkaltzera esertzen ziren bitartean.

Hartutako erabakia sostengatu dute Uztaritzeko auzapezaren aldeko hautetsiek, gurasoek haurra «bahiturik» zutela erranez. Hautetsien arabera, onartezina da 0,96 euro balio duen bazkari bat ez ordaintzea, haien erranetan aitak aski diru duelarik horretarako.

Udaltzaingoa, haserre

Uztaritzeko Udaltzaingoko FO sindikatuak haurraren zaintza hartu zuten udaltzainak sostengatu ditu, azalduz  beharturik zeudela herriko etxearen agindua betetzera. Emandako agindu bat urratzea litzateke aurka egitea; hori nabarmendu du FO sindikatuak, kasu hori zigorturik dagoelarik legez. 

LAB sindikatuak gogor salatu du gertakaria, nabarmenduz haurrak ez zuela deus egin gaizkile bati ematen zaion tratua pairatzeko. «Pentsatu ote dute herriko etxeko arduradunek, udal poliziak eta kantinako langileek, momentu batean ere, egin molde horren ondorioak, bai neskatxoarentzat eta baita beste ikasleentzat ere?».

Ekonomia krisialdiak eragiten dituen ondorioen adibidetzat hartu du kasua LAB sindikatuak, erakusten duelako hezkuntza arazoei bertze gai batzuei baino garrantzi txikiagoa ematen zaiola. LAB Irakaskuntzak ardurak argitzeko eskatu die Uztaritzeko Herriko Etxeko arduradunei. Kasuan zerikusia izan duten funtzionarioei eta langileei ere eskatu die zentzurik ez duten aginduak eta jendetasunaren aurka emandako manuak ez betetzeko.

«Frantziar orori eta bereziki hautetsiei, erran nahi diet holako gertakariak lotsagarriak eta onartezinak direla». Hitz horiekin, atzo mintzatu zen Vincent Peillon Frantziako Hezkuntza ministroa: «Gurasoek zailtasunak dituzten arren, sekula ere ez da jo behar haurren kontra». Kasu horretan hartutako erabakia eta baliatu den jokamoldea «haurraren kontrako bortizkeria eskandalagarria» dela gaineratu du Peillonek. Horrelakoetan haurraren interesa eta ongizatea hobetsi behar direla nabarmendu du. Eta hautetsiei ohartarazi die haurra baztertu eta kanporatzeko erabakia saihestu behar dela halakorik berriz gertatuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.