«Euskararen mundua bat da». Horrek bultzatu zuen atzo NaBai Nafarroako Parlamentuan mozio bat aurkeztera, zeinean Nafarroako Gobernuari V. Inkesta Soziolinguistikoan parte hartzeko eskaria egin dioten. Bost urtean behin egiten den ikerketa horretan Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskal Kultur Erakundearekin batera jardun zuen Nafarroako Gobernuak 1992an eta 1996an, baina 2002an harremana eten zuen, eta azterketa propioak egitea erabaki zuen. Nafarroako Gobernuaren partaidetzarik ez da izan ordutik euskararen egoeraren berri ematen duen inkestarik handienean. Egoera horri buelta emateko asmoz proposatu zuen atzo mozioa NaBaik. Arrakastaz. UPNk ez beste talde guztiek baiezkoa eman zioten, eta aurrera atera zen.
Maria Luisa Mangado Nabaiko diputatuak ondo daki mozioak, berez, Nafarroako Gobernua ez duela deusetara derrigortzen, baina atzoko baietzari etekina ateratzen saiatuko dira datozen aste hauetan, eta eragiten. «Bihar [gaur] bertan Jaurlaritzarekin edo Eusko Legebiltzarrarekin harremanetan jartzeko asmoa dugu».
NaBaik, besteak beste, mozioaren aldeko argudio gisara Euskararen Legea bera eman du eta Europako Hizkuntz Gutxituen Gutuna. Euskararen eboluzioa xede, administrazioen arteko harremana ezinbestekoa dela gogorarazi du. Bide batez, berriki Eusko Jaurlaritzak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak elkarrekin Baionan hitzartu zuten lankidetza akordioan inkesta soziolinguistikoa egitea itundu zutela gogoratu du, Nafarroako Gobernuari ere ildo hori bera jarraitzeko eskatuz. «Behin betiko, gainera», zehaztu du Maria Luis Mangadok. «Izan ere, inkesta horrek erakusten du ondoen zein den euskararen egoera, eta horren bidez jakingo dugu zer-nolako neurriak paratu». Hitzarmen edo antzeko bat lantzea proposamena egin du NaBaik, inkesta batera lantzeko.
EHEren deialdiari sostengua
Bide batez, atxikimendu sorta zabala jasotzen ari da larunbat honetan Donostian EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek deitu duen manifestazioa. Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe! leloarekin bat egin dute, esaterako, Euskal Herria Ezkerretik akordioa izenpetu duten hiru alderdiek, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleak. Euskarak «kinka larrian» jarraitzen duela gogora ekarri dute. «Esparru askotan bere presentzia hutsaren hurrengoa da». Testuinguru horretan, euskararen «erabateko normalizazioaren aldeko konpromisoa» ezinbestekoa dela nabarmendu dute, eta bide horretan bat eginda jarduteko asmoa agerian utzi dute: «Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko eta gauzatzeko eta hori lortzeko lanean eta bidean tinko jarraituko dugu, Euskal Herri euskalduna ezkerretik eraikitzen».
Euskal Konfederazioak eta LAB sindikatuak ere larunbatean Donostian egingo den ekitaldira joateko deia egin dute. «Euskaraz normaltasun osoz bizi nahi duen euskaltzale eta euskaldun orori» egin die manifestazioan parte hartzeko gonbita erakunde euskaltzaleak. LABek, berriz, langile orori egin dio manifestazioan parte hartzeko deia. Mobilizazioari atxikimendua erakusteko asmoz ekitaldiak egin dituzte igaro egun hauetan EHEko kideek herriz herri, eta deialdiarekin bat egiteko baliatu dituzte horietako asko.
EHEk deitutako mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Bulebarretik. Bukaerako ekitaldian omenaldia egingo diote Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle eta ikertzaileari. EHEren sortzaileetako bat izan zen. Euskararen alde beti erakutsi duen atxikimendu argia eskertu nahi diote.
V. Inkesta Soziolinguistikoan parte hartzeko deia Nafarroako Gobernuari
2002an eten zuen lotura Jaurlaritzarekin; UPN salbu, Nafarroako Parlamentuko talde denak bat etorri dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu